Eusko Jaurlaritzak urtarrilaren 30ean jarri du zerbitzuan Ermuko tren geltoki berria

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzak Ermuko tren geltoki berria zerbitzuan jarri du urtarrilaren 30ean. Horretarako beharrezkoa izan da zerbitzua lau egunez moztea, larunbateko, urtarrilaren 26tik hain zuzen ere. Denbora tarte horretan, garraio alternatiboa autobusez eskaini da. Geltokia zerbitzua ematen hai den une berean, N-634 errepidearen gaineko bide-zubi berria eta ondoko tunela ere estreinatu dira, Bilbo-Donostia lineako 1.500 metroko trenbidean egin den jarduketan. Bigarren trenbidearen 300 metro muntatzea, behin behineko estrukturen eraisketa eta urbanizazio lanen azken ukituak faltako dira, eta datorren udaberrian amaituko dira.

 Euskal Trenbide Sarea egiten ari den lanek nabarmen hobetuko dituzte Ermura dauden trenbide sarbideak. Trenbide bikoitzeko trazatu berri osoak 1.500 metroko luzera izango du amaituta dagoenean. Hasiera Eitzaga inguruan, Zaldibarko udalerrian, izango du, eta ia osorik joango da tunel barruko trazatua duen saihesbidetik (1.025 metrokoa), Ermuko sarreraraino. Bertan, N-634 errepidea gurutzatuko du 40 metroko bide-zubi baten bitartez, geltoki berrira iritsi aurretik. Ondoren, egungo trenbidearekin bat egingo du berriro, Izelaieta kaleko azpialdeko igarobidearen aurretik. Jarduketa horri esker, Oletxeko trenbide-pasagunea kendu ahal izango da.

 

Ermuko geltoki berria irisgarria da, erabat kristalezkoa, 80 metroko erdiko nasa dauka eta segurtasun handiagoa eskaintzen du, aurrekoa kurban zegoelako eta unitateetatik nasara zegoen tartea handiagoa zelako. Horrela, datorren asteazkenetik aurrera behin behineko geltokia erabiltzeari utziko zaio. Aldi batean trenen zirkulazioa trenbide bakarretik egingo den arren, horrek ez du eraginik izango zerbitzuan.  

 

Izan ere, geltoki berria eraikitzeko lanei esker, orain arte eskailera eta igogailu bitartez lotuta egon diren Valdespinako parkea eta N-634 errepidearen ondoko plaza bereizten zituen trenbideko ezponda kendu ahal izango da. Datorren udaberritik aurrera, aisiako bi leku horien lotura pertsona guztientzako irisgarria izango da, inolako mugarik gabe, azpialdeko igarobideari esker. Trenbidearen hiri integrazioaren beste adibide bat izango da. Inbertsioaren aurrekontua 30 milioi eurokoa da.

 

Trazatu gehiena tunel barruan dago, eta haren barruan sartzen da maniobrak egiteko 120 metroko mahuka-trenbidea ere. Horrek nabarmen murriztuko ditu Ermuko herritar askori eragindako eragozpenak. Horrez gain, ibilbidea egiteko denbora bi minututan murriztuko da. Linea horretan trenbidea bikoizteak zerbitzuaren segurtasuna eta fidagarritasuna hobetzeko aukera emango du.