Eusko Jaurlaritzak Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen Informazio Azterlana amaitu du, behin-behinekoz onesteko eta hilabete honetan bertan jende aurrean aurkeztu ahal izateko

Argitalpen-data: 

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailburuak Legebiltzarrean adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak, ETS - Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren bitartez, Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen (HTS-VSF) Informazio Azterlana amaitu du.

Hurrengo pausoei buruz galdetuta, “Sustapen Ministerioak behin behineko onespena eman eta BOEn argitaratu dezake, jende aurreko informazioa otsail honetan bertan tramitatzeko”, argitu du.

Tapia gaur arratsaldean etorri da Eusko Legebiltzarreko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Batzordera, Elkarrekin Podemos taldeak eskatuta, Eusko Jaurlaritzak HTS-VSFrako aurreikusitako trazatuaren aurrean planteatzen dituen alternatibei buruzko informazioa emateko.

Sailburuak azaldu dauenez, HTS-VSFren Informazio Azterlanaren idazketak bi alternatiba jasotzen ditu Castaños ibaiaren eremurako: bide-zubian eta lur azpitik.

Tapiak inolako zalantzarik gabe defendatu du Hegoaldeko Trenbide Saihesbidea, “Bilboko Portuaren etorkizuna eta lehiakortasuna bermatzen dituelako, UIC zabalerako Abiadura Handiko Trenbide Sare Berriarekin lotuko duelako, eguneroko merkantzien joan-etorria hiriguneetatik urruntzen duelako, lur azpian egongo den trenbide bikoitzeko 12 kilometroko trazatu berritik joango delako eta, gainera, abiadura handiko etorkizuneko konexioa bermatzen duelako”.

Lur azpiko alternatibaren xehetasunak

Regato inguruko lur azpiko alternatibari dagokionez, Tapiak azaldu duenez, “Ortuellan dagoen Seranteseko tunelaren amaieratik Kadaguako bidegurutzeraino, Hegoaldeko Saihesbidea lur azpitik joango da, 10,2 kilometroko etengabeko tartean. Trazatuak baditu bere zailtasunak, tunel barrualdean puntu baxu bat duelako, Castaños ibaitik igarotzean, eta 250 metro baino gehiagoko sakoneran hondeaketa lanak egin behar direlako”.

Tapiaren hitzetan, ETS euskal trenbide kudeatzaileko teknikariek planteatutako ingeniaritza soluzio horrek, udalerrian izango duen eragina murrizteko Barakaldoko gizarteak eta erakundeek planteatutako eskariari erantzuten dio: “ez da erraza izan soluzio hori gauzatzea, eta azterlan eta analisi asko eskatu ditu, baita tokian bertan ere, une oro Barakaldoko Udalaren lankidetzarekin. Ingurumenaren ikuspegitik, Uraren Euskal Agentziaren (URA) aldeko txostena, onespena, duen soluzioa da”.

Regato igaro ondoren, trazatuak tunelean jarraitzen du eta Kastrejana auzoan irteten da gainazalera, Kadagua ibaia 335 metroko bide-zubi baten bitartez zeharkatuz. Bilboko udalerrian jadanik, berriro ere lur azpira sartzen da, Kobetas mendiaren azpian, 1,5 kilometroz, San Mameseko sarbide berrietan estrukturara heltzeko. Bertan amaitzen da informazio azterlan honen xede den HTS-VSFaren lehen fasea.

Hurrengo pausoak

Tapiak gogorarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak amaitu ditu berak egin beharrekoak, eta orain Sustapen Ministerioari dagokio HTS-VSFaren behin behineko onespena Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta 1. fasearen Informazio Azterlanaren jende aurreko informazio tramitea aurrera eramatea. Eusko Jaurlaritzak dituen aurreikuspenen arabera, otsailean bertan osa daitezke tramite horiek.

Eusko Jaurlaritza da Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen lehen faseko lanen proiektuak idaztearen eta obrak egitearen eta bigarren fasearen (Bilbo-Basauri) informazio azterlana idaztearen arduraduna, Sustapen Ministerioaren, Ogasun eta Funtzio Publiko Ministerioaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Administrador de Infraestructuras Ferroviarias (ADIF) erakundearen artean 2017ko uztailaren 12an sinatu zen hitzarmenaren ondorioz.