ETS - Euskal Trenbide Sarea

Euskadi.eusen sartu

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
Zerbitzuak

Argitalpen-data: 2017/05/25

Vitoria-Gasteizko hego tranbia luzatzeko lanak udazkenean hasiko dira

Vitoria-Gasteizko hego tranbia unibertsitate-gunera luzatzeko lanak datorren udazkenean abiatuko dira, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak gaur goizean iragarri duenaren arabera. Tranbiaren ibilbideak 1,4 kilometro gehiago izango ditu, egun dituen 8 kilometro ingururi gehituta, eta lau geltoki berri egingo dira: Florida, Las Trianas, Hegoalde eta Unibertsitatea, egun dituen 21 geltokiei gehituta. Ibilbidea diseinatzerakoan, kontuan hartu dira etorkizunean linea Salburua auzorantz luzatzeko aukerak, Florida geralekutik abiatuta. Izan ere, luzapen horretan maniobrak egiteko bide bat egingo da, Salburua auzorantz.

Tranbia-tokian gaur goizean egindako ekitaldian parte hartu dute, baita ere, Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko alkateak, Ramiro González Arabako ahaldun nagusiak, Antonio Aiz Azpiegitura eta Garraio sailburuordeak eta ETSko eta Euskotreneko zuzendari nagusiek. Tapia sailburuak adierazi du pasa den astelehenean eman ziola hasiera Euskal Trenbide Sareko kontratazio-mahaiak Vitoria-Gasteizko hego tranbia luzatzeko lizitazioari eta, beraz, laster argitaratuko dela aldizkari ofizialetan. Baldintza-agirien arabera, 10,5 milioi euroko aurrekontua izango du (obra zibila) eta, gehienez, lanek 21 hilabete iraungo dute. Kopuru horren bi heren Eusko Jaurlaritzak ordainduko ditu eta gainerako herena Udalak eta Arabako Foru Aldundiak ordainduko dute, zati beretan banatuta. Aurreikusitako epeen arabera, udan esleituko dira lanak eta udazkenean has daitezke.

Luzatze-lanen abiapuntua egungo sarearen loturak mugatu du, linearen amaieran izango da, Angulema geltokian. Hortik abiatuta, egungo galtzadaren bitartez, Florida kalean barna luzatuko da, ezkerrerantz bira txiki bat emanda. Ondoren, eskuinerantz egin eta Adifen tren-lubakia gurutzatuko du, Las Trianas zubiaren bitartez –hori ere luzatu egingo da− eta Castro Urdiales kalean barna jarraituko du, Nieves Cano kaletik pasa eta Martínez Aragón kalean amaitzeko.

Tapia pozik agertu da, “azkenean” Vitoria-Gasteizko tranbia handituko baita, “erakundeek lortu nahi izan dugun” zerbait izan da eta “herritarren gehiengoak eskatu du, zerbitzuaren erabilera-datuek berretsi moduan: 7,7 milioi erabiltzaile izan zituen pasa den urtean, eta etengabe hazi da kopurua tranbia ipini zenetik”.

Tapiak gogorarazi duenez, “Eusko Jaurlaritza Vitoria-Gasteizerako Mugikortasun elektrikoko sistema berri batean ari da lanean, tranbia izango da ardatz integratzailea, eta garraiobide ezberdinen arteko intermodalitatea indartuko da, informazioaren kudeaketa hobetu, teknologia gehiago eta hobea eman eta CO2 isuriak murriztuko dira”. Sailburuak nabarmendu du garraiobide ezberdinek “hitz egin eta elkarri eragitearen” garrantzia, horrek adimena, kalitatea eta segurtasuna emango liekeelako erabiltzaileei eta garraioko profesionalei.

Bere aldetik, Ramiro González Arabako ahaldun nagusiak azpimarratu du Arabako Foru Aldundiak proiektu honetan duen konpromiso politiko eta ekonomikoa. “Erakunde honek kostuaren %17,5 ordainduko du eta, hala, tranbia luzatzeari laguntzeaz gain, Vitoria-Gasteizko mugikortasuna hobetzen lagunduko dugu”. Horri dagokionez, “honakoa erakundeen arteko lankidetzaren adibidea da, hau da bidea”, gehitu du. “Ahaleginak batuta indartsuagoak gara eta herritarrek zerbitzu hobeak izan ditzakete eskura”.

Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko alkateak nabarmendu du beharrezkoa dela datozen urteetan Arabako hiriburuaren moduko XXI. mendeko hiri moderno batek mugikortasun-sistema integralerantz egiteko aukera emango duten ekimenak sustatzea. Eredu horrek iraunkorra eta osasuntsua behar du izan, garraio publikoa eta, bereziki, elektrikoa sustatu behar da eta, horretarako, ibilgailu eraginkorrak, publikoak, isuri gutxikoak eta gure hiri-ereduarekin bat datozenak behar dira.

Ildo horretatik, hego tranbia sarearen funtsezko ardatzetako bat izango da, Ipar-Hego lotura posible egiteko aukera emango duelako. Gorka Urtaranen hitzetan “etorkizuneko Vitoria-Gasteiz hirirantz urratsak ematen jarraitzeko aukera paregabea dugu honakoa. Asmo handiko proiektua dugu, zerbitzua emango baitie Adurtza eta San Cristóbal auzoei, eta 20.000 erabiltzaile inguru izan ditzake”.

Arako hiriburuko joan-etorrien bi heren oinez edo bizikletaz egiten dira hirian, baina alkateak adierazi duen moduan, “ildo horri tiraka jarraitu behar dugu, garraio publikoaren aldeko neurriak sustatu behar ditugu. TUVISAren hiri-autobusak berritzen jarraitu behar dugu, tranbia hegoalde eta ekialderantz luzatu, Zabalganara tren arina luzatzea diseinatu eta periferiako linean autobus elektriko adimenduna ezartzeko ahaleginean sakondu behar dugu”.


Geltoki berriak

Geltoki mota ezberdinak hautatu dira aurreikusitako geltokietan, hiri-espazioan txertatzen diren moduaren arabera. Florida eta Hegoaldeko geldiuneek nasa erdialdean izango dute eta Las Trianas eta Unibertsitatekoek albo batean. Erabaki horrek helburu bikoitza du, alde batetik, erabiltzaile mota orori dagokion zerbitzua eskaintzea, arkitektura-oztoporik gabe, eta, bestetik, geltoki bakoitza eremuari dagokion hiri-ingurunearekin bat etortzea.

Geltokietan, eguraldi txarra dela eta erabiltzaileak babesteko, eserlekuen gainean markesinak jartzea aurreikusi da eta makina automatikoak egongo dira garraio-txartelak erosteko. Nasara kaletik sartuko da zuzenean edo, espaloiaren eta nasaren arteko kota dela eta behar izanez gero, arrapalak jarriko dira goratasun-diferentzia gainditzeko; nasaren muturretan kokatuko dira. Arrapala horiek, betiere, gehienez %6ko aldapa izango dute, mugikortasun murriztua duten pertsonak igaro ahal izateko.

Arantxa Tapiak obra-lanen ondorioak pairatuko dituztenei “egoera ulertzea eta pazientzia” eskatu die. “Ibilbideak hiriko bideak bete-betean hartuko dituenez, eragozpenak sortuko ditu halabeharrez. Hala ere, eragozpen horiek ahalik eta txikienak izaten saiatuko gara”.

Tranbiaren aldeko apustua

Orain artean, Vitoria-Gasteizko tranbian 116 milioi euro inbertitu dira, Ibaiondo eta Abetxuko bi adarrak barne. Horietatik 83 milioi obra-lanetara bideratu dira, horren %66 Eusko Jaurlaritzak finantzatu du eta gainerako portzentajea zati beretan ordaindu dute Arabako Foru Aldundiak eta Vitoria-Gasteizko Udalak. Kopuru horri gehitu behar zaizkio 33 milioi, material mugikorrari dagozkionak; hori, bere osotasunean, Eusko Jaurlaritzak ordaindu du.

Euskadi, auzolana