ETS - Euskal Trenbide Sarea

Euskadi.eusen sartu

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
Zerbitzuak

Argitalpen-data: 2017/01/27

Loiolako geltoki berria martxoaren 5ean zabalduko da

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak gaur goizean iragarri du Loiolako geltoki berria martxoaren 5ean zabalduko dela. Proiektu hau amaituta, trenbide-zerbitzua hobetzea lortuko da eta Loiolak 10.000 metro karratu baino gehiagoko espazio berriak edukiko ditu.


Tapiak eta Eneko Goia Donostiako alkateak zubibide eta geltoki berriaren obrak bisitatu dituzte, Antonio Aiz Garraio sailburuordea, ETSko —obrak exekutatzeaz arduratzen den erakunde publikoa— arduradunak, eta Loiola Bizirik auzo-elkarteko eta La Salle ikastetxeko kideak aldamenean zituztela.

Hilabete pasatxo falta denean topoak terminal berria erabiltzen hasteko, une honetan estalkia eta fatxada ezartzeko, metal-laneko, katenariako eta obra zibileko azken ukituak gauzatzeko eginkizunetan dihardute.

Sailburuak adierazi du martxoaren 5etik hasita, gutxienez, 6-7 hilabete faltako direla proiektu hau behin betiko amaitzeko. Izan ere, behin-behineko geltokia desmuntatu eta eraitsi, Aralar Mendilerroaren kaleko eta Loiola hiriguneko egiturak eraitsi, geltoki berriko nasa eta iparraldeko fatxada amaitu, zubibidearen azpialdea, behin-behineko saihesbidea eta Urbia kalea urbanizatu, eta La Salle ikastetxeko iparraldeko sarrerako eskailerak eraiki beharko dira.

20,9 milioi euroko aurrekontua duten lan hauek Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak finantzatzen dituzte. Udalak jarritako 1,1 milioi euroak urbanizazio-lanetarako baino ez dira erabiliko.

Hiritarrentzako berreskuratutako lurraren urbanizazio-proiektua eta honen finantzazioa, Donostialdeko metroaren obren eta proiektuen Jarraipen-batzordean Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak lortutako akordioaren emaitza dira.

Arantxa Tapiak hauxe gogoratu du: “proiektu hau amaituta, lehendabizi, tren-zerbitzua hobetzea lortuko da; eta datozen hilabetetan, udazkenean, trenbidearen hiri-integrazioa hobetuko da eta Loiolak 10.000 metro karratu baino gehiago edukiko ditu berdeguneak, haurrentzako jolasak edo bidegorria eraikitzeko. Gainera, geltokia zubibidean eraiki denez, duela 100 urte baino gehiago trenbideak bereizitako Lorategi Hiriaren eta auzoaren beste zatiaren arteko lotura iragazkortzea lortu da”.

Donostiako alkatea pozik agertu da Loiolako geltokia aurki martxan jarriko delako. Bere hitzetan “Donostiako trenbide-azpiegiturekin eta hauen ingurunearekin eraikitzen ari den puzzle horren beste pieza bat delako”. Hala, Intxaurrondoko eta Altzako geltokiak auzo hauen eta hiri-erdigunearen arteko komunikazioa hobetzen ari direla gogoratu du.

Era berean, azpimarratu du geltoki berriak “Loiolako urbanizazioa izugarri hobetuko duela, eta hobekuntza hori, gainera, auzoko bizilagunekin adostuta egin dela. Horrek guztiak auzoa eta hiria hobetuko ditu”, adierazi du Goiak.

Obren egoera

Gaur arte honako lan hauek egin dira:

- Behin-behineko geltokia eraiki eta martxan jarri da.
- Geltoki zaharra eraitsi da.
- Gainegitura zaharra desmuntatu da.
- Arrokara heltzeko 35-40 metro bitarteko sakontasuneko zimenduak jarri da.
- Zubibidearen metalezko egitura osoa eraiki da, 272 ml.
- Geltokiko gorputza eraiki da, ataria, 120 ml hegoaldeko nasan eta 75 ml iparraldeko nasan, estalkia eta fatxada —iparraldeko zona falta da—, metal-lana, igogailuak, argiak, altzariak, etab.
- Gainegitura, trenbidea eta katenaria muntatu dira.
- Maniobretarako Brettelle-a muntatu da.
- Gela teknikotan ekipoak instalatu dira.
- Igogailuen egitura muntatu da.

Obra amaitu arte egin beharreko lanak:

- Behin-behineko geltokia eta lur-hormak desmuntatu eta eraitsi, Aralar Mendikatea kaleko eta Loiola hiribideko egiturak eraitsi.
- Geltoki berriko nasa eta Iparraldeko fatxada amaitu eta azken ukituak egin.
- Zubibidearen azpialdea, behin-behineko desbideratzea, Urbia kalea eta abar urbanizatu.
- La Salle ikastetxeko Iparraldeko sarrerako eskailerak eraiki.
- Obra-amaierako azken ukituak.

Euskadi, auzolana