ETS - Euskal Trenbide Sarea

Euskadi.eusen sartu

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
Zerbitzuak

Argitalpen-data: 2017/03/02

Loiolako geltoki berria datorren igande arratsaldean hasiko da zerbitzua eskaintzen

Datorren igandean, martxoaren 5ean, Donostiako Loiola auzoko biztanleek zuzenean ezagutu ahal izango dituzte tren geltoki berriaren xehetasun guztiak, Euskotreneko trenak bertatik zirkulatzen hasiko baitira. Terminala martxan jartzeko, beharrezkoa izango da tren zerbitzua moztea larunbateko, martxoaren 4ko, gaueko 23.10etik igandeko, martxoaren 5eko, 15.00ak arte. Erabiltzaileen mugikortasuna bermatzeko, garraio aldaketak egingo dira. Ordezko zerbitzuei buruzko informazio guztia www.euskotren.eus webgunean kontsulta daiteke.

Geltoki berria, eskaileren eta igogailuen bitartez 120 metro luze diren alboko bi nasetara ematen duen atari batek osatzen du. Terminalaren berezitasun nagusia bide-zubian eraikita dagoela eta aurretik 200 metro luze den metalezko estruktura duela da. Abagune horrek asko erraztuko du orain arte trenbideak osaturiko trintxera batek bereizten zituen auzoko bi aldeen arteko iragazkortasuna, bigarren urbanizazio fasean. Bide-zubia eusten duten zutabeek 35 eta 40 metro arteko sakonera dute, harkaitzera heltzeko.

Geltoki berria zerbitzua ematen hasteak hobekuntza nabarmena ekarriko du tren zerbitzuan, trenbidea bikoiztu egingo delako eta instalazio berriak modernoagoak izango direlako. Terminalaren irekiera, baina, lehenbiziko fasearen amaiera baino ez da izango.

Astelehenetik, martxoaren 6tik, aurrera, bigarren fasea abiatuko da. Fase horretan behin behineko geltokia desmuntatu eta eraitsiko da, Aralarreko Mendizerrako eta Loiola Etorbideko estrukturak eraitsiko dira, geltoki berriaren nasa eta iparraldeko fatxada amaituko dira, bide-zubi azpiko, behin behineko desbideraketako eta Urbia kaleko urbanizazio lanak egingo dira, eta, horrez gain, terminalera sarbide zuzena izango duen La Salle ikastetxera iparraldetik sartzeko eskailerak eraikiko dira.

Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak finantzatuko dute 20,9 milioi euroko aurrekontua duen jarduketa. Udalak 1,1 milioi euro jarriko ditu, eta diru hori urbanizazio lanetarako erabiliko da oso-osorik.

Herritarrentzako berreskuratutako gunearen urbanizazio proiektua eta finantzaketa, Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak, Donostialdeko Metroaren obren eta proiektuen Jarraipen Batzordearen barruan lortu duten akordioaren ondorio dira.

Aurreikuspenak betetzen badira, bigarren faseko lanak datorren udazkenera arte luzatuko dira. Une horretan trenbidearen hiri integrazioa egiaztatu ahal izango da, eta horri esker herritarrentzako espazio berrietarako 10.000 metro karratu baino gehiago berreskuratuko dira Loiolan, gune berdez, haurrek jolasteko tokiez eta bidegorriz osaturiko espazioa, hain zuzen ere. Horrez gain, geltokia bide-zubian eraiki denez, iragazkortasuna lortu da 100 urte baino gehiagoz trenbideak bereizita egon diren Lorategi Hiriaren eta auzoko gainerako guneen artean. Urbanizazio lanak egiteko orduan kontuan izan dira auzoko biztanleen iritziak.

Zerbitzua ematen hasiko den Loiolako geltoki berria, joan den udazkenean ireki zen Altzako geltokiari gehitzen zaio. Donostiako eta bere inguruko tren azpiegituretan egin diren inbertsio horiek eta beste batzuek argi eta garbi uzten dute Eusko Jaurlaritzak mugikortasun iraunkorraren alde egiten duen apustua.

Euskadi, auzolana