ETS - Euskal Trenbide Sarea

Euskadi.eusen sartu

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
Zerbitzuak

Argitalpen-data: 2017/04/04

ETSk Vitoria-Gasteizko tranbiaren luzapenaren informazio azterlana esleitu du 172.500 euroren truke

Euskal Trenbide Sareak aste honetan esleitu dio Vitoria-Gasteizko tranbiaren luzapenaren informazio azterlana Idom ingeniaritza etxeari, 172.500 euroren truke. Esleipena lortu duen enpresak urtebeteko epea du proiektua aurkezteko. Metro arina hiriko mendebaldeko auzo horretara luzatzeak, dauden hiri garapenei eta eskariari erantzuten die.

Tranbiarako aztertu behar den luzapena, erdigunearen inguruan egungo plataformarekin trenbide bikoitzeko lotura ezartzean eta Zabalgana ingururantz luzatzean eta ibilbidea hirian ezartzean oinarrituko da, tranbiaren trazatuak eta geralekuek une honetan dagoen hiri egituran izan behar duten integrazioa kontuan izanda, hiriko trafikoan ahalik eta eragin gutxien izateko.

Azterlanak geraleku intermodala eta egungo trazatuarekin izan beharreko lotura hiri integrazioaren ikuspuntutik aztertu beharko ditu. Txosten horren barruan egongo dira, baita ere, eragina jasoko duten hiriko elementuen birkokapena (autobus eta taxi geralekuak, zamalanetarako guneak, aparkalekuak, edukiontziak…), oinezkoen ibilbideen azterketa, trafiko errodatuaren desbideraketak eta egokitzapenak, jarduketaren faseetan.

Beste alde batetik, martxan jarriko den zerbitzu berriaren ondorioz, gaur egun dagoen energia azpiegitura ez da nahikoa izango, eskatuko diren potentziei zein linean egon daitezkeen tentsio erorketei dagokienez. Energiari buruzko azterketa horrek beste azpi-estazio baten beharra ote dagoen zehaztu eta justifikatu beharko du. Horrela bada, eta lanen barruan, haren kokapena erabaki beharko da eta zein ezaugarri izan behar dituen definitu, hirigunean izan beharreko integrazioa zainduz.

Informazio azterlanaren aurretik, esleipendunak alternatiben azterlana egingo du. Bertan, hainbat trazatu soluzio aztertuko dira, eta, horrez gain, baita egungo trazatuarekin lotzeko dauden aukerak, loturako geraleku intermodalaren aurre-diseinu arkitektonikoa eta tranbiaren irudia bera definitzen duten markesinen eta elementu auxiliarren diseinua ere.

Azterketak geralekuen kokalekua eta eskema funtzionala jasoko ditu. Horrez gain, trazatu berriak zerbitzua izatearen ondorioz tranbia flotari erantzun ahal izateko beharrezkoak izango diren kotxetegien eta tailerren dimentsionamendua ere aurreikusi beharko du.

Euskadi, auzolana