ETS - Euskal Trenbide Sarea

Euskadi.eusen sartu

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
Zerbitzuak

Argitalpen-data: 2017/03/09

ETS larunbat honetan hasiko da zerbitzua eskaintzen Ermuko behin behineko geltokian

Euskal Trenbide Sarea larunbat honetan, martxoaren 11n, hasiko da zerbitzua eskaintzen Ermuko behin behineko geltokian. Jarduketa hori beste pauso bat da Bilbo-Donostiako linean 1.500 metro hartzen dituen Ermua tarteko lanetan. Terminal hori egungoa eraitsi aurretik jarriko da martxan. Gaur egungoa dagoen leku berean eraikiko da herriko geltoki berria.

Behin behineko geltokia aurrekoaren ondoren dago, eta sarrera Irulitxa tabernaren inguruan izango du, Abeletxe kalean. Nasa jatorrizkoaren luzera berekoa izango da, 80 metrokoa, eta larunbateko lehenengo trenarekin hasiko da zerbitzua ematen. Horrela, tren zerbitzuak ez du inolako eraginik jasango.

Behin behineko geltokia egiteko Abeletxe kalearen parte bat hartu da, Ermuko Udalarekin akordioa lortu ondoren. Behin behineko egoera horren iraupena 24 hilabetekoa izango dela aurreikusi da.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren esku dagoen erakunde publikoak joan den udan ekin zien berriro Ermuan tren geltoki berria eraikitzeko eta trenbidea bikoizteko lanei. Lanek 21 milioi euroko aurrekontua dute, eta 28 hilabete beharko dira amaitzeko. Zaratarekin erlazionatutako neurri garrantzitsuak jasoko dituzten lanek geltoki modernoa eta irisgarria emango diote herriari, 80 metro luze izango den erdiko nasarekin eta 15 minutuz behingo maiztasunak eskainiz Ermua-Eibar-Elgoibar ardatzean.

Horrez gain, geltoki berria eraikitzeko lanek, Valdespinako parkea eta N-634 errepidearen ondoko plaza bereizten dituen trenbideko lubeta kentzeko aukera emango dute. Une honetan bi gune horiek eskailera eta igogailu bitartez daude lotuta. Etorkizunean, aisia gune bi horien arteko lotura pertsona guztientzako irisgarria izango da, inolako mugarik gabe, behealdeko igarobide bati esker.

Bide-zubian altxatuta egongo den geltoki berriaz gain, proiektuan trenbidez egiten diren Ermurako sarbideak hobetzea ere aurreikusten da, egungo trazatua nabarmen hobetuko duen kilometro bateko tunel bati eta geltokitik oso gertu egongo den gune batean maniobrak egiteko mahuka eraikiko delako. Hori dela eta, Ermua-Eibar-Elgoibar tranbiak gaur egun eskaintzen duen maiztasuna hobetu ahal izango da.

Ermurako egingo den bide bikoitzeko trazatu berria 1.500 metro luze izango da. Sarrera Eitzaga inguruan izango du, Zaldibarko udalerrian, eta ia osorik joango da tunel barruko trazatua duen saihesbidetik (1.025 metroko luzerakoa), Ermuko sarreraraino; gune horretan, N-634 errepidea gurutzatuko du 40 metroko luzerako bide-zubi baten bitartez, geltoki berrira iritsi aurretik. Ondoren, egungo trenbidearekin bat egingo du berriro, Izelaieta kaleko azpiko igarobidearen aurretik. Jarduketa horri esker, lur azpian egingo den saihesbidean dagoen Oletxeko trenbide-pasagunea kendu ahal izango da.

Euskadi, auzolana