ETS - Euskal Trenbide Sarea

Euskadi.eusen sartu

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
Zerbitzuak

Argitalpen-data: 2016/06/09

Tren-istripu baten simulakro ikusgarria hainbat biktimarekin Lasarte-Oriako tren-geltoki zaharrean

Lasarte-Oriako tren-geltoki zaharrean, Txikierdi auzoan kokatua, Usurbilgo industrialdean, burutu da gaur goizean Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialak (COEGI) eta Euskal Trenbide Sareak (ETS) antolatutako tren-istripu baten simulakroa. Simulakroak tren baten eta aparkatuta zegoen lokomotor baten arteko talka birsortu du. Talkaren ondorioz, sute bat gertatu da bi ibilgailuetan, hainbat bidaiari trenaren barnean harrapatuta utziz.

 

Guztira, 23 biktima gertatu dira politraumatismo klasikoen, erreduren eta kearen ondoriozko intoxikazioak direla eta. Zaurituen artean: 3 hil egin dira. haien artean lokomotorraren gidaria talkaren ondorioz–, 5 egoera larrian ebakuatu dira, 7 zauritu arinak izan dira eta 9 ia kalterik gabe atera dira istriputik.

 

Erreskatea eta zaurituen bereizketa burutu ondoren, protokolo bat ezarri da eta larrialdietako arreta sanitarioari eta zaurituak ebakuatzeari ekin zaio. Ebakuazioa trenbidearen ondoan dagoen zelaigune batean burutu da eta, bertan, Kanpaina Ospitale bat instalatu da zaurituei hasierako arreta emateko, Aginte Postu Aurreratuaren karpa tolesgarriarekin batera.

 

Gaur goizean burututako simulakroaren helburua bikoitza da.Alde batetik, Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialak (COEGI) antolatzen duen Osasun Zientzien Eskolako Graduondoko Larrialdietako Erizaintza Ikasketen amaierako praktika izan da. Bestalde, Euskal Trenbide Sarearen (ETS) Autobabeserako Plan berriaren eraginkortasuna egiaztatu ahal izan da, eta baita larrialdi-egoeretan ETS eta Euskotren erakundeen artean ezartzen den koordinazioa eta kanpoko laguntza ere.

 

Simulakroan 55 erizainek parte hartu dute, honako erakundeen beste langile eta taldeekin batera: DYA,

 

Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza, Osakidetza, Donostia eta Usurbilgo Udaltzaingoa, Hernaniko Ertzaintza eta Donostiako Suhiltzaileak. Langile desberdinen parte-hartzea eta erizain-taldearen eta gainerako langileen arteko koordinazioa ezinbestekoak izan dira egoera behar bezala bideratzeko.

 

Halaber, simulakroan zehar parte hartu dute: Donostiako Udaltzaingoko unitate batek, Hernaniko Ertzaintzako lau agentek eta Usurbilgo hiru udaltzainek, Suhiltzaile Kidegoaren lau ibilgailuk, estrikazio-erreskaterako unitate batek (harrapatuta geratu diren pertsonak erreskatatzeko) eta DYAren hiru anbulantziak. Osakidetzako hainbat langilek ere parte hartu dute eta arreta eta koordinazioa Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren esku geratu da. Segurtasun lerro bat eta DYAren arretako kanpaina-ospitale bat eta horren antolakuntza instalatu dira.

 

Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialak istripu-simulakroak antolatu ditu azken 15 urteetan zehar erizain tituludunek Larrialdietako Adituen ikastaroan ikasitako teoria aplikatzeko aukera izan dezaten, denbora errealean goi-tentsioko material eta egoerak maneiatuz eta ezaugarri hauetako larrialdi batek sortzen dituen momentuak birsortuz.

Euskadi, auzolana