ETS - Euskal Trenbide Sarea

Euskadi.eusen sartu

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
Zerbitzuak

Argitalpen-data: 2016/12/28

Metroaren 3. Lineako Alde Zaharreko geltokiak nasak eta trenbidea ditu jadanik

Bilboko metroaren 3. lineako Alde Zaharreko geltokia forma hartzen ari da. Horrela, nasen eraikuntzak eta trenbidearen muntaketak intermodalaren azken egituraketa nolakoa izango den ikusteko aukera ematen dute. Martxoaren amaiera inguruan zerbitzuan hastea aurreikusten denez, Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak obra zibila eta instalazioak bateratu ditu. Hori dela eta, eskailera mekanikoak eta igogailuren bat ere instalatu dira.

Gaur goizean, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailburuak eta Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak lagunduta, egiaztatu ahal izand ute trenbidea muntatzeko eta hormigoiztatzeko lanak amaitu ondoren, eta superegitura jartzearen faltan, gaur egun gasoliozko dresina batek Etxebarri eta Matiko artean zirkula dezakeela, eta baita Txorierriraino ere, Artxandako tunel berriaren bitartez.

ETSko eta martxan jartzen denean trazatuaren operadore izango den Euskotreneko zuzendaritza taldeetako kideak ere izan dira Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak erdibana finantzatu duten eta 279 milioi euroko aurrekontua duen lanaren aurrerapenaren lekuko.

Obra zibila ia erabat amaituta, eta instalazio, energia, seinaleztapen eta komunikazio kontratuak euren amaierako fasean daudela, aurreikuspenak betetzen badira, otsailean Euskotrenek unitateen probak egin ahal izango ditu trazatu berrian, baina, hori bai, bidaiaririk gabe.

Alde Zaharra, metroaren bihotza

Errealitate bilakatzekotan dagoen proiektu horren bihotza, urtero 10 milioi pertsona inguru jasoko dituen Alde Zaharreko geltokia da. Hori dela eta, lehentasuna eman zaio metroaren 3. linearen eta 1. eta 2. lineen arteko lotura erraza, funtzionala eta jende guztiarentzat iristerraza izateari. Bisitan zehar, parte hartzaileek ikusi ahal izan dute L-3ko bidaiariek eskailera mekanikoen eta igogailuen bitartez heldu ahal izango direla L-1 eta L-2ra. Aurretik, 22 metro luze, 16 metro zabal eta 12 metro altu den atari handitik igaro beharko dira. Bertatik Bilboko Areatza ikusi ahal izango da.

Horrela, gaur egun, atari horri forma emango dioten zutabeak ari dira jartzen. Halaber, talde teknikoak, nasetako batera sarbidea ematen duten eskailera finkoetan ari dira lanean. Bitartean, intermodala jantziko duen behin betiko estaldurako plaketako batzuk ikus daitezke dagoeneko.

3. linea

Ia 6 kilometro luze den 3. lineak zazpi geraleku ditu (Matiko, Uribarri, Alde Zaharra, Zurbaranbarri, Txurdinaga, Otxarkoaga eta Etxebarriko San Antonio), eta inguruan bizi diren 70.000 pertsonari emango die zerbitzua, 7,5 minutuz behingo maiztasunarekin. Halaber, trenbide metropolitarraren sarearekin lotuko ditu Bilbo iparraldeko auzoak eta Txorierri, Artxandako tunel berriaren bitartez. Halaber, Durangaldetik eta Urdaibaitik datozen pertsonei erraztu egingo die Bilbo erdialderaino heltzea.

Euskotreneko unitate berriak

EMU 950 tren serieko unitate berri bakoitzak bi kotxe motor ditu, gidatzeko kabinarekin eta atoi-kotxe batekin tartean. Lau kotxeraino handi daitezke, hiru kotxeen jatorrizko prestazioak galdu gabe. Guztira, 296 leku izango dituzte, horietatik ia 100 (94) eserita.
Eserlekuak bandalismoaren aurkakoak, ergonomikoak, erosoak eta buru-euskarridunak dira. Gainera, diseinua hobetu egin da, segurtasun eskakizunei erantzuteko eta, horrela, aurrez-aurre talka eginez gero ondorioak murrizteko. Kolpeen kontrako beirak, hobeto ikusteko eta babestuago egoteko aukera ematen dio gidatzen ari den pertsonari. Horrez gain, ateek harrapaketen aurkako segurtasun funtzioa dute.

Euskadi, auzolana