ETS - Euskal Trenbide Sarea

Euskadi.eusen sartu

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
Zerbitzuak

Argitalpen-data: 2016/04/25

Jendaurrean jarriko dutela Gasteizko tranbia unibertsitateetara luzatzeko proiektua

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak jendaurreko informazioaldian jarriko du Vitoria-Gasteizko tranbiaren hegoaldeko luzapenaren lehen faseari dagokion informazio-azterlana. Apirilaren 6ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen; beraz, hortik aurrera eta hogeita hamar lanegunetan zehar, korporazioek, elkarteek eta partikularrek egokitzat jotako nahi beste alegazio aurkeztu ahal izango dituzte.

«Informazio-azterlanak tranbiaren luzapena ikertu du, zehazki, Angulema kaletik Arabako Unibertsitatearen kanpusera arteko tartean. Jendaurreko informazioan jarriko den informazio-azterlanak tranbia unibertsitateetara luzatzeko beharrezkoak diren lanak azalduko ditu. Proiektuan bermatuta dago tranbiaren luzapena bideragarria eta hiri-egiturarekin bateragarria izatea, eta aurrekontua egin beharreko lanetara doitu da, gainerako azterlanak eta izapidetzeko beharrezkoak direnak ere barne hartuta», azaldu du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik.

«Aurreikusitako bide-zatiak 1.340 m-ko luzera izango du, Angulema kalean hasi, Florida kalea zeharkatu, ezkerrera egin, eta errepidearen iparraldetik aurrera egiteko. Ondoren, ADIFen trenbide-lubakia zeharkatuko du Trianako zubitik –zabaldu egin beharko da– eta Castro Urdiales eta Nieves Cano kaleak igaro ondoren, Martinez de Aragón kalean amaituko da, lorategi-inguruan».

Geltokiak

Ana Oregiren arabera, «aurreikusitako 4 geltokiak desberdinak, kokatuko diren hiri-eremua gorabehera. Floridakoak eta Hegoaldekoak erdian izango dute nasa, eta alboan, berriz, Triana zubikoak eta unibertsitatekoak, errepideko garraio publikoarekin erabilera partekatu ahal izateko».

Proiektuaren idazketa Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek ikuskatu dute, baldintza teknikoak eta trenbideen alorreko legeria, hala nola Trenbide Sektorearen Erregelamendua, betetzen direla egiaztatuz.

Ana Oregik zehaztu duenez, «2001ean onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sareko Lurralde Plan Sektorialaren arabera, eta zehaztu ez arren, Gasteizko tranbiaren hegoaldeko luzapena zen zentzuzkoena. Orain proposatutako tranbiaren luzapenak Adurtza eta San Kristobal auzoen eta erdialdearen zein ipar-mendebaldearen arteko lotura hobetuko du, tranbiaren bitartez, eta auzo horiek autobus-geltoki berriarekin lotuko ditu, unibertsitatera eta inguruetara arteko zerbitzu berria eskaintzeaz gain».

Trenbide Sektorearen Araudiak ezartzen duenez, informazio-azterlana behin betiko onartu aurretik, 30 egun balioduneko epean jarri behar da jendaurrean; hala, ibilbidearen kontzepzio globalaren gaineko alegazioak formulatu ahal izateko. Halaber, Euskadiko Ingurumena Babesteko Legeak ezarritakoaren arabera, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa ere jendaurrean jarri behar da.

Euskal Herriko Arduralaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Gasteizko tranbiaren hegoaldeko luzapenaren lehen fasearen gaineko informazio-azterlana eta ingurumen-inpaktuaren azterketa jendaurrean jarriko dira hogeita hamar egun baliodunez, korporazioek, elkarteek eta partikularrek egokitzat jotako nahi beste alegazio aurkez ditzaten.

Jendaurreko informazioan egongo da Informazio-azterlana leku hauetan: Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren Garraio Azpiegituren Zuzendaritzan –Gasteiz, Donostia kalea 1–; Gasteizko udaletxean; eta Interneteko web-orrian informazioa.

Euskadi, auzolana