ETS - Euskal Trenbide Sarea

Euskadi.eusen sartu

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
Zerbitzuak

Argitalpen-data: 2016/12/13

Eusko Jaurlaritzak Zarautzeko Santa Klarako trenbide pasagunea kentzeko lanak esleitu ditu

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailburuak, Santa Klarako trenbide pasagunea kentzeko lanen esleipenaren berri eman dio gaur Xabier Txurruka Zarautzeko alkateari. Lanen hasiera datorren urtarrilerako dago aurreikusita. Trenbide pasagunearen ordez trenbidearen azpitik joango den igarobidea egingo da.

Tapiak, Zarautzeko alkatearekin eta Antonio Aiz Garraio Sailburuordearekin batera Santa Klara ingurura egin duen bisitan egin du iragarpena.
1,6 milioi euroko aurrekontua eta 18 hilabeteko gauzatze epea izango duen jarduketa, hiriguneetan dauden eta trafiko intentsitate handia jasaten duten trenbide pasaguneak pixkanaka kentzeko Euskal Trenbide Sareak aurrera daraman politikaren barruan sartzen da.

Eusko Jaurlaritzak finantzatzen duen ekimen horri esker hobetu egingo da Zarautzeko biztanleen bide segurtasuna, eta baita Euskotrenen erabiltzaileen trenbideko segurtasuna ere. Azken hamabost urteetan, trenbide kudeatzaileak 81 trenbide pasagune kendu ditu.
2001 eta 2016 artean, Eusko Jaurlaritzak 1.220 milioi euro inbertitu ditu bere esku dagoen trenbide sarearen hobekuntzan. Kopuru horren barruan azpiegiturak eta material mugikorra daude.

Eusko Jaurlaritzaren-Zarautzeko Udalaren arteko hitzarmena

Proiektua esleitu aurretik, lankidetza hitzarmena sinatu da ETSren eta Zarautzeko Udalaren artean. Hitzarmen horren arabera, erakunde publikoak obren erabateko finantzaketa bereganatzeko konpromisoa hartu zuen, gauzatze proiektuaren idazketarako eta obraren zuzendaritzarako konpromisoa hartzeaz gain.

Zarautzeko Udalak, bere aldetik, beharrezkoak ziren lurrak eskuratzeko kudeaketa lanak gauzatzeko konpromisoa hartu zuen. Obrek eragindako titulartasun ez publikoko finka bakarra, Santa Klarako Monasterioaren sarreran zegoen eta jabeak moja Klaratarrak ziren finka zen.

Alkateak eta ordena erlijiosoak sal-erosketa hitzarmena adostu zuten, obra gauzatu ahal izateko. Klaratarren komunitateak, 199 m2ko lur-saila Zarautzeko Udalaren esku uzteko konpromisoa hartu zuen. Lurraren ordainketa espeziean egingo da, Monasterioko finkaren sarbidean Udalak berak egingo duen irisgarritasuna hobetzeko eta lurzorua konpontzeko lanaren bitartez. Lan horrek 377 m2ko azaleran izango du eragina.

Deskribapen teknikoa

Aurreikusitako jarduketa horren barruan hormigoi armatuzko kaxoi bat egingo da, azpialdeko igarobidea gauzatzeko. San Frantzisko eta Santa Klara kaleen egungo kotaren eta proiektaturiko kaxoiaren beheko kotaren artean sortzen den maila aldaketa gainditzeko, arrapala eta eskailera soluzio konbinatua planteatzen da. Arrapala horien bitartez, sarbidea mugikortasun urria duten pertsonentzat guztiz irisgarria izatea bilatzen da.
Horrez gain, San Frantzisko kaleko sarbidetik bi eskailera tarte eraikitzea planteatzen da, Geltoki eta Herrikobarra kaleetara zuzenago irten ahal izateko. Azkenik, une honetan dagoen trenbide pasagunea seinaleztatzen duten elementuak kendu eta egungo pasagunea itxi egingo da.

Euskadi, auzolana