ETS - Euskal Trenbide Sarea

Euskadi.eusen sartu

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
Zerbitzuak

Argitalpen-data: 2016/02/15

Datorren otsailaren 17tik aurrera, Zazpi Kaleetako metroko geltokiko bezeroen sarrera eta irteera Unamuno Plazako sarbidetik baino ezin izango da egin

Metroaren 3. lineako Zazpi Kaleetako geltoki berriaren eraikuntza lanak aurrera doazenez, datorren otsailaren 17tik aurrera itxi egin beharko da San Nikolaseko plazatxotik 1. eta 2. lineatako geltokira dagoen sarrera. 

Otsailaren 17tik aurrera, Bilboko Metroaren 1. eta 2. lineen erabiltzaileak Unamuno Plazako kanoitik eta Mallonako igogailutik baino ezin izango dira sartu Zazpi Kaleetako geltokira. Egoera horrek horrela jarraituko du obra amaitu eta 3. linea zerbitzua ematen hasi arte. Orduan, berriro ere zabalduko da San Nikolas sarbidea hiru lineetara sartzeko.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea Erakunde Publikoa arduratzen da 3. linea eraikitzeko lanez. Lan horiek 279 milioi euroko aurrekontua du, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak erdibana finantzatuta.

Obra fase berri horretako lehenengo lanak, jarduketak gauzatuko diren ingurunearen perimetroa ixtean zentratuko dira, Askao eta Esperantza kaleetako oinezkoen eta trafikoaren segurtasuna bermatu ahal izateko.

Ondoren, talde teknikoek, gaur egun oraindik ere 1. eta 2. lineatako sarbidea jasotzen duen eraikinaren “txapela”, alboetako eraikinetara ematen duen gainerako estruktura eta Txorierriko linea zaharreko trenbideko zenbait ekipamendu desmuntatzeko lanak hasiko dituzte.

Gaur egun, Esperantzako pilotalekutik gertu dagoen aldean, 3. lineako Zazpi Kaleetako geltoki berriaren zimendatze lanak egiten ari dira.

2015eko maiatzean lanak hasi zirenetik, Esperantzako pilotalekuaren eta San Nikolaseko geltoki zaharraren eraisketa partzialak egin dira eta, horrez gain, etorkizunean geltokia jasoko duen orubearen eta 120 metro luze den tunelaren hondeaketa lanak hasi dira. Lan horren ehuneko 90 eginda dago.

3. linearen gainerakoan lanak etengabe ari dira. Obra zibila ia amaituta dago, Txurdinagan eta Zazpi Kaleetan izan ezik. Duela zenbait hilabetetatik igogailuen, eskailera mekanikoen eta pasabide errodagarrien instalazio lanak ari dira egiten eta, horrez gain, instalazio, azken ukitu eta trenbidea muntatzeko kontratuak ere gauzatzen ari dira.

3. lineak tren loturak izango ditu 7,5 minutuz behin Etxebarri eta Matiko artean, eta 70.000 pertsonatik gorako biztanleriari eskainiko dio zerbitzua. Horrela, pertsona horiek trenbide metropolitarreko geltoki bat izango dute euren etxeetatik 10 minutu baino gutxiagora.

Trazatua 5.885 metro izango da luze, eta zazpi geltoki izango ditu: Etxebarriko San Antonio, Otxarkoaga, Txurdinaga, Zurbaranbarri, Zazpi Kaleak, Uribarri eta Matiko. Geltoki guztiek (Etxebarri eta Zazpi Kaleak salbuespen) Norman Fosterrek 1. eta 2. lineatarako diseinatutako geltokien tipologia bera izango dute.

3. lineak Bilbo iparraldeko auzoei eskainiko die zerbitzua batez ere, baina Bermeotik, Durangotik edo Eibartik datozen pertsonei hiriburuaren erdira errazago iristeko aukera ere eskainiko die; eta, horrez gain, Txorierrik tren lotura berria izango du metro bateko zabalerako gainerako linearekin, une honetan eraikitzen ari den Artxandako tunel berriaren bitartez.

Euskadi, auzolana