ETS - Euskal Trenbide Sarea

Euskadi.eusen sartu

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
Zerbitzuak

Argitalpen-data: 2016/01/29

Bilboko metroa, jarraitzeko moduko eredua Singapurreko Errepublikako Gobernuarentzat

3.Lineako Zazpi Kaleetako geltokiaren obretara egindako bisitan

Singapurreko Errepublikako Gobernuko Finantza Ministerioko eta Lurreko Garraio Agintaritzako arduradun nagusiek, Metroaren 1. eta 2. linea eraikitzeko eta martxan jartzeko eta une honetan eraikitzen ari den 3. linearako, Bilbon jarraitu den eredua aztertu dute azken bi egunetan.

Singapurreko Hiri Estatuko metroa etengabeko hedapen prozesuan ari da, eta 70 geltoki dituzten lau linea ditu, Lurreko Garraio Agintaritzaren (LTA) gainbegiradapean eraikitako 119 kilometroko sarean. Egunero 1,564 milioi bidaiari garraiatzen dituzte batez beste, eta operadore berberek taxi eta autobus zerbitzuak ere badituztenez, garraio publiko zerbitzuak erabat integratuta daude.

Metro Bilbaoko, Euskal Trenbide Sareko eta Eusko Jaurlaritzako Kanpo Ekintzetarako Idazkaritza Nagusiko zuzendari teknikoekin izandako topaketan, Ngien Hoon Ping Ministerioko idazkariordea buru izan duen Singapurreko ordezkaritzak gai hauei buruzko interesa erakutsi du: diseinuaren estandarizazioa eta harmonizazioa, metro sistema errentagarria eta aldi berean funtzionala eta dotorea lortzeko; eraikuntzaren produktibitatea hobetzeko erabili diren diseinuak; kalitatea eta ekonomiaren aldetik eraginkortasuna bermatzeko erabili izan diren kontratu ikuspegiak; proiektuaren faseen bizitza zikloaren kostuaren kudeaketa (diseinua, kontratazioa eta operazioa); eta metroaren 1. eta 2. lineen kudeaketa.

Topaketa hori egiteaz gain, Singapurreko Gobernuaren ordezkariek Sarrikoko geltokia eta San Mameseko intermodala bisitatu dituzte, eta baita 3. lineak Zazpi Kaleetan izango duen geltokia eraikitzeko lanak ere.

3. lineak, bere egunean Imebisak eta Norman Foster arkitekto ingelesak markatutako jarraibideak jarraitzen ditu, eraikuntza eta teknologia mailan dauden hobekuntza guztiak sartuz, baina tradiziozkoak bilakatu diren eta Bilboko idearioaren parte diren elementuak errespetatuz, mezzaninak edo fosterito ezagunak, besteak beste.

Bisitan zehar, harrituta eta pozik geratu dira geltokien eta fosteritoen diseinuaren funtzionaltasuna eta hirian duten integrazioa ikusita, eta baita eskainitako zerbitzuaren eta metro zerbitzuak herritarren artean duen harrera bikainaren aurrean ere.

Bilbora heldu aurretik, Singapurreko ordezkaritza Bartzelonan egon da, hiri horretako Metro sistema zuzenean ezagutzeko, eta datozen egunetan Madrilera joango da, Madrilgo metroari buruzko informazioa jasotzeko xedez. Ia ehun urte dituen Madrilgo metroa geltoki asko zaharberritzeko lanak ari da egiten. Denbora gutxi barru Singapurreko Metroan ere horrelako lanak egitea aurreikusi dute.

 

 

 

 

 

Euskadi, auzolana