ETS - Euskal Trenbide Sarea

Euskadi.eusen sartu

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
Zerbitzuak

Argitalpen-data: 2015/02/23

Oregik, euskal trenbide sare berriak ardatz atlantikoaren garapen sozialerako eta ekonomikorako emango duen zerbitzua azpimarratu du

Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailburuak, “euskal trenbide sare berriak edo euskal ‘Y’-ak ardatz atlantikoaren giza- eta gizarte-garapenerako emango duen zerbitzua” azpimarratu du gaur arratsaldean, “eraikuntza lanetatik trenbideen operatibitatera igarotzean Espainiako eta Euskadiko Gobernuen arteko lankidetzak jarraitzea ezinbestekoa izango dela” adierazi ondoren, Euskotren, euskal hiriburuen eta horien ingurunearen arteko intercitien kudeaketarako prest dagoela adierazi du Oregik.

Oregik, Goi mailako Prestazioko Trenbide Lineen Ustiapenaren Azterketarako III. Jardunaldien irekiera ekitaldian hartu du parte Bilboko Euskalduna Jauregian, Jean Pierre Lubinonux UIC-ko zuzendari nagusiarekin, Jean Coutou RFF-ko zuzendari teknikoarekin, Iñaki Barrón UIC-ko Abiadura Handiko eta Bidaiarien alorreko zuzendariarekin, Manuel Niño Sustapen Ministerioko Azpiegitura idazkariarekin, Andrés López Pita irakaslearekin, Antonio Aiz Sailburuordearekin eta Luis Zarraluqui Nafarroako Sustapen Sailburuarekin batera. Topaketa horretan, mundu osoko garraio eta logistika alorreko 200 espezialista bilduko dira bihar arte.

Oregi Sailburua, “denbora gutxi barru zerbitzua ematen hasiko den euskal trenbide sare berriari buruz” aritu da, “abiadura handia eskainiz bidaiarientzat eta azpiegitura modernoa merkantzientzat”, eta hori guztia mugikortasun iraunkorrarekin erlazionatu du, gogoratuz “aurten, azaroaren 11tik aurrera, Paris, mundu osoak Planetaren iraunkortasunerako egingo duen deiaren eszenatokia izango dela, Kyotokoaren lekua hartuko duen COP 21 protokolo berriarekin. Dirudienez, Txinaren eta Estatu Batuen laguntza berriak eta ezinbestekoak lortuko ditu, eta bertan arreta berezia eskainiko zaio pertsonen eta merkantzien garraioari”.

Oregiren hitzetan, “pertsonen eta merkantzien mugikortasunaren eta, orokorrean, garraioaren, ezaugarri nagusia urte luzeetan, ingurumenaren aurrean erasokorrak diren eta gizartearen eszenatokiak berenganatu dituzten leherketa-motorra daramaten ibilgailu kutsakorren gehiegizko erabilera izan da”.

Hurbilago

“Gaur egun trenak bigarren iraultza bizi du munduan, ez garraio modu gisa soilik, gizartearen aurreko zerbitzu alternatiba gisa ere bai, eta baita iraunkortasuna, erosotasuna, azkartasuna, kohesioa eta gure herrialdeen eta lurraldeen giza eta ekonomia garapenerako garapen egokia eskainiz ere”, adierazi du Euskadiko Garraio alorreko arduradun nagusiak. “Euskadik argi eta garbi ikusi zuen hori duela zenbait urte eta, Europa aurreratuenarekin batera, pauso handia eman zuen errespetuan oinarritutako garraio honen aldeko apustuan. Ez gu bakarrik… hemen daude ideia horiek berresten dituzten Nafarroako edo Akitaniako Gobernuetako ordezkariak ere”.

Oregik azaldu duenez, “azpiegitura berri hori martxan jarriz, gure unibertsitateko ikasleak beraien ikastetxeetatik hurbilago egongo dira, merkataritza eta enpresa alorrean ari diren gure emakumeak eta gizonak beraien merkatuetatik gertuago egongo dira, gure inguruko biztanleak hobeto ezagutu ahal izango ditugu, eta gu bisitatzera datozenen joan-etorriak erraztuko ditugu. Zerbitzua bikaina izango da bidaiariei dagokienez, eta are gehiago kontuan izanik goi mailako prestazio horiek merkantzietarako ere erabiliko ditugula”.

“Gure gizartea, ez Euskadikoa soilik, gure ingurune osokoa, pauso garrantzitsuak ari da ematen planetaren aurrean errespetuzkoa izango den, garapenean eraginkortasuna erakutsiko duen eta, batez ere, gure eguneroko bizitza erraztuko duten hainbat zerbitzu bermatuko dituen ereduaren alde. Herrialdeen eta lurraldeen arteko erlazioak bultzatuko dituen eta Europaren garapenari lagunduko dion ereduaren alde, alegia”, esan du Ana Oregik.

Garapena

Sailburuak azpimarratu duenez, “Euskal Y-a gure garapenerako tresna nagusietakoa da, penintsulara sartzeko eta Atlantikoaren bi aldeekin lotura egiten duen Europako hego-mendebaldeko puntu geografiko bikainean dagoelako. Horrez gain, intermodalitateak bere definiziorako adibide hoberenetakoa aurkituko du hemen, bertan ditugun azpiegitura garrantzitsuei esker: Bilbokoa eta Pasaiakoa bezalako bi portu handi; hiru aireportu, horietako bat “kargarako” erabiltzen dena, Gasteizkoa, alegia, eta horiek osatzeko, beste bi, Miarritze-Parma eta Iruñea-Noain; metro bateko zabalerako, zabalera iberiarreko eta, orain, UIC zabalera estandarreko trenbide sareak; duela denbora gutxi eraikitako eta ongi zaindutako autopistak eta errepideak, eta plataforma logistikoz, mota guztietako industriez eta giza kapital bikainez osatutako sare osoa. Hori da Basque Country Logistics-en proposamenaren oinarria”.

Bere hitzaldian, Sailburu andreak, “Sustapen Ministroak adierazi duen konpromisoa” aipatu du, “2019. urtea markatu baitu euskal trenbide sare berria zerbitzua ematen hasiko den data gisa… Gutxienez asmoak eta proiektuaren aldeko apustu sendoa adierazi zaizkigu, eta guk horren hurbileko jarraipena egingo dugu”.

Oregik, “erakundeen arteko ezinbesteko elkarlanerako” deia egin du, “gu hori bultzatzen ari gara, zailtasun puntualekin, jakina, baina borondate irmoarekin, Euskadiko eta Espainiako Gobernuen artean, eta Bruselaren, Iruñaren eta Bordeleren laguntzarekin. Horrez gain, egungo Frantziako Gobernuaren erantzukizunerako deia ere egin du. “Europarako lehentasunezkoa eta gure euro-lurralderako hain beharrezkoa den ekimen honetan modu egokian aurrera egiteko era bakarra elkarlanean aritzea da”.

 

Elkarlana

“Eusko Jaurlaritzatik ezinbestekotzat jotzen dugu lankidetza horrek aurrera jarraitzea eraikuntza lanak amaitu eta trenbidea zerbitzua eskaintzen hasten den unean, batez ere orain, trenbide horien erabilera hainbat operadorerentzat zabalik egongo denean”, gehitu du.

Oregi Sailburuak “Euskadik jatorria eta helmuga gure Erkidegoan duten zerbitzuen trenbide alorrean dituen gaitasuna eta ahalmena zehaztu dizkie bertaratuei. Denbora gutxi barru, Interciti zerbitzuek Gasteiztik Donostiara edo Bilbotik Burgosera edo Bordelera eramango gaituzte. Euskotren, zerbitzu horiek eraginkortasunez eta hurbiltasunez eskainiko dituen operadorea da, bere esperientzia luzeak erakusten duen bezala”.

Bere hitzaldia amaitzean, Oregik adierazi du “Europak, euskal Y-a ahalik eta azkarren operatibo egotea eskatzen digula… Core Network da TEN-T igarobideen artean. Beharrezkoa da Atlantikoko trenbide igarobidea ahalik eta azkarren amaituta egotea, azpiegitura horrek eskainiko duen zerbitzuak guztientzako etorkizun hobea bermatzen lagunduko duelako. Atlantikoko trenbide igarobidearen goi mailako prestazioak eta zerbitzuak errealitate izaten hasi dira Euskadin”.

Jardunaldietako partaideak hauek izango dira: Rafael Sarria, ETS-ko Zuzendari Nagusia, Alain Lutz (Systra-Frantzia), Eduardo Molina (Adif), Ottmar Grein (Deutsche Bahn Int.), Takumi Ishii (JR East), Izaskun Iriarte, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Administrazio eta Plangintza Sailburuordea, Federico Meda (NTV), Alexander Prodan (Instituto Superior Técnico, IST Lisboa), Lydia Alonso (SMA, Suitza), Imanol Leza, Euskotreneko Zuzendari Nagusia, Ingalaterrako Simon Hughes, Thierry Prate – Sheila Dezarn, Kalifornia (EEBB), San Francisco – Los Angeles proiektuaren izenean; César López (Adif), Iñaki Uriarte (ETS), Mario Hernáez (Bilboko Portu Agintaritza), Juan Carlos Luna (Renfe), Fernando Arizmendi (CAF), Javier Bustinduy (BBJ), Alberto García (FFE-ko Zuzendaria), Miguel Pozo (Trenbideen Zuzendari Nagusia-Sustapen Ministerioa, Pedro Hernando, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Aurrekontu Sailburuordea,  Sustapen Ministerioko Trenbideen Zuzendaritza Nagusiko Jorge Ballesteros,  Julián Ferraz ETS-ko Plangintza eta Proiektu Zuzendaria eta  Ignasi Guardans (K&L Gates).

 

Euskadi, auzolana