ETS - Euskal Trenbide Sarea

Euskadi.eusen sartu

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
Zerbitzuak

Argitalpen-data: 2015/10/24

Oregi: Amañako geltoki berria zerbitzua ematen hasten denean espazio publikoetarako 8.500 m2 egongo dira Eibar erdialdean

Iñigo Urkullu Lehendakariak, José Luis Sabas, ETS-ko Zuzendari nagusiaren azalpen teknikoak entzuten

Iñigo Urkullu Lehendakariak, José Luis Sabas, ETS-ko Zuzendari nagusiaren azalpen teknikoak entzuten

Eibarrek 8.500 metro karratu espazio publiko berri ditu gaurtik aurrera hiri armaginean bizi diren pertsonen erabilerarako eta gozamenerako, Bilbo-Donostia trenbide lineako Amaña-Ardantza zatia bikoizteko lanen amaieraren eta geraleku zaharra ordezkatu duen Amañako geltoki berriaren eraikuntzaren ondorioz. Lan horiek guztiak ETS-k eta Eusko Jaurlaritzak egin dituzte.

Hiru urteko obrei eta 16,5 milioi euroko inbertsioari esker, ingurune osoaren fisonomia goitik behera aldatzen duen eta Amaña auzoa Eibarko gainerako lekuekin elkartzea hobetzen duen trenbide egituraren gaineko azalera handi hori sortu ahal izan da.

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politika Sailburuak, eta Miguel de los Toyos Eibarko Alkateak trenbide instalazio berriak eta sortutako gainerako espazioak bisitatu dituzte gaur. Horien artean trenaren trazatuaren gaineko pasealekua eta Torrekua anbulatorio inguruko eta El Corte Ingléseko biribilguneko parke berriak daude. Beraiekin batera bisitan egon dira Antonio Aiz Garraio Sailburuordea, José Luis Sabas ETS-ko Zuzendari Nagusia, Imanol Leza Euskotreneko Zuzendari Nagusia, Almudena Ruiz de Angulo, Garraoietako Zuzendaria eta Eibarko udal korporazioko beste zenbait kide.

Goiz erditik Euskotrenen unitateak geltoki berrian gelditzen dira dagoeneko bidaiariak trenera igo eta bertatik jaitsi daitezen, eta espazio berri gehienak jendearentzat zabalik daude. Bide berriak pixkanaka zabaltzen joango dira, gaur arratsaldetik aurrera.

“Obren berezitasun nagusia Eibarko hirigunearen erdian dagoela da. Alderdi horrek eragin handia izan du egin beharreko lan guztietan, izan ere, betebehar, mugimendu edo aldaketa bakoitzak gestio asko eta asko eskatu baititu, obrak ezinbestean dituen eraginak murrizteko xedez. Hori dela eta, eraikuntza lanak Eibarko biztanleen eguneroko jardunarekin eta trenbideko trafikoarekin bateragarri egiteko esfortzuari erantzunez, obra hainbat fasetan banatu da” zehaztu du Ana Oregik.

Estruktura berriak eraiki ahal izateko beharrezkoa izan zen aurretik zeuden bideak eta estrukturak eraistea. Horien artean azpimarratzekoak izan dira Scalextric ezaguna eta Arrateko bide-zubia. Eraisketa lan horiek egiteko tona askoko garabiak eta hormigoia eta altzairua mozteko zerra bereziak erabili behar izan ziren. Lan horietako gehienak gauez egin ziren, trenbideko trafikoa moztu behar ez izateko eta inguruan bizi diren pertsonei eragindako eragozpenak ahalik eta txikienak izan zitezen.

Amaña

Amañako geltoki berriari dagokionez, bikoiztutako trenbide zatiaren (650 metro) mendebaldeko muturrean dago, geraleku zaharra zegoen lekutik gertu. Geltoki horrek 82 metro luze den nasa du, eta erabat iristerraza da, ahalmen handiko igogailua duelako. Eskaileretatik egiten den sarbidea, geltoki horren ezaugarria den “fosterito” egiturarekin errematatzen da. Gainera, gela teknikoak eta behar bezala kudeatzeko beharrezkoa den ekipamendua ditu.

Obraren lehen faseetan eraitsi ziren egiturak eta bideak berriro eraikitzeko egin diren lanen ondorioz, goialdean dagoen urbanizazio berria sortu da inguru horretan.

Urbanizazioa

Urbanizazio berriak, bide zaharrak ordezkatu dituzten bide berriak jasotzen ditu, hainbat hobekuntzarekin, biribilgune berri baten eraikuntza eta Amaña kaletik irteera zuzena egin izana, besteak beste. Gainera, Eibar erdialdetik datorren trafikoak zuzeneko lur azpiko bidea izango du Ermurako noranzkoan.

Urbanizazio berriak zenbait espazio publiko jasotzen ditu, eta horien artean trenbidearen trazatuaren gainean dagoen eta bidegorria duen pasealeku berria azpimarratu behar da. Pasealeku berri hori Tiburcio Anitua eta Legarre kaleen artean luzatzen da, eta Ardantzako geltokiaren gainean eta Amaña eta Unibertsitatearen artean daudenei jarraipena ematen die.

Horrez gain, aisialdirako zenbait gune sortu edo hobetu dira, El Corte Ingléseko arrapalak estaltzearen ondorioz sortutako plaza edo Torrekuako anbulatorioaren inguruan sortu diren espazio berriak, besteak beste.

Adibidez, lehen, anbulatorioa eta Amañan bereizita zeuden, bi bideren eta trenbidearen bitartez. Gaur egun, arrapala eta eskailera bitartez lotutako gunea da, erabat irisgarria eta, logikoa denez, bizitzeko askoz ere ingurune atseginagoa eta ez hain gogorra bilakatu da.

Gainera, Ermurako noranzkoan dagoen lur azpiko bidearen irteeran (trena lur azpitik doan kaxoiaren horman), hiri armaginaren iraganean eta gaur egunean inspiratutako grafiti artistiko erraldoia egin da. Eva Menaren horma-irudian, eibartar guztientzat oso esanguratsuak diren eta eibartarrek barneratuta dituzten elementuak ikus daitezke, industria armagina gogoratzen duen eskopeta, Lambreta mitikoa, Alfa josteko makina eta makina erremintaren sektoreak betidanik egin duen lan bikainetik sortutako beste hainbat produktu.

Erdigunea

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak hainbat lan gauzatu ditu Bilbo-Donostia trenbide linearen erdigunean, eta azken urteetan 41,3 milioi euroko lanak egin ditu. Horien artean, Ermuan dagoen Izelaietako trenbide pasagunea kentzea, Eibarren San Lorentzo-Unibertsitatea zatia bikoiztea, Ardantzako geltoki berria, udalerri horretako geltoki zaharra berriztatzea, Txarakuako trenbide pasagunea, Txarakua-Azitain zatiaren bikoizketa, Azitaingo geltoki berria eta Karakateko gurutzaketa daude.

Euskadi, auzolana