ETS - Euskal Trenbide Sarea

Euskadi.eusen sartu

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
Zerbitzuak

Argitalpen-data: 2015/03/30

Metroaren 3. Lineako kale edo bat egite berriak Txurdinagako eta Otxarkoagako geltokiak elkartu ditu

Gaur goizean kale edo bat egite berria egin da Bilboko Metroaren 3. Linean, eta Txurdinagan eta Otxarkoagan eraikiko diren geltokiak lotuta geratu dira. Horrela, zabalik dago tunel bitarteko Etxebarriko San Antonio eta Zurbaranbarri arteko lotura. Zati horrek 4 kilometro inguruko luzera du. Hondeaketaren bi aldeen arteko bat egitea gaur goizeko bederatziak
inguruan gertatu da, Otxarkoagako Goya Ikastetxeko jolastokiaren parean, gutxi gorabehera, 25 metroko sakoneran.


Metroaren 3. Lineak, Bilboko iparraldeko auzoetako 71.000 biztanleri emango die zerbitzua. Pertsona horiek metro geltoki bat izango dute euren etxeetatik 10 minutu baino gutxiagora. 5,8 kilometroko luzera osa izango du, eta guztira zazpi geltoki izango ditu, Etxebarriko San Antonio, Otxarkoaga, Txurdinaga, Zurbaranbarri, Zazpi Kaleak, Uribarri eta Matiko.
Guztiak ere, Norman Fosterrek metroaren 1. eta 2. lineatarako diseinatu dituenen tipologia berekoak izango dira. Bilboko Trenbide Metropolitarraren hirugarren lineak 279 milioi euroko
aurrekontua du, eta erdibana ordainduko dute Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak eta Bizkaiko Foru Aldundiak.


Kalea edo bat egitea egin den puntua Otxarkoagako geltokitik 228 metrora eta Txurdinagakotik 375 metrora dago. Bat egite horren onura nagusia obra barruko mugimenduak erraztu egingo dituela da, lanekin aurrera jarraitu ahal izateko. Horrela, Zazpi Kaleetara heltzeko hondeatu behar den tunelaren 35 metro baino ez dira falta.

Horri dagokionez, esan behar da Zazpi Kaleetako geltoki berria eraikitzeko lanak hilabete honetan bertan hasiko direla. Obren magnitudea kontuan izanda, lehenengo Zazpi Kaleetako eta Loruriko geltokien arteko zatia itxi beharko da. Ondoren, mozketa hori Olaraino luzatuko da, Artxandako túnel berriaren lanen amaiera dela eta. Jarduketa horiek tren erabiltzaileen artean eragin ditzaketen eragozpenak murrizteko xedez, Euskotren operadoreak zerbitzu programa alternatiboa planifikatu du. Zerbitzu horiek datorren ekainaren 1etik aurrera sartuko dira indarrean.

Zazpi Kaleetako geltokiaz aparte, 3. Lineako obra zibila ia erabat amaituta dago, une honetan estaldura fasean dagoen Txurdinaga-Otxarkoaga zatia izan ezik. Horrez gain, beste zenbait kontratu ere esleituta daude: instalazio elektrikoak (9,6 milioi euro), aireztapena (2 milioi euro), eskailera mekanikoak eta igarobideak (11,5 milioi euro) eta igogailuak (3,8 milioi euro). Komunikazioei (3,1 milioi euro) eta seinaleztapenari (5,1 milioi euro) dagozkien kontratuak lizitazio fasean daude. Hori guztia, martxan jartzea 2016. urtearen amaieran izan dadin.


3. Lineak, Bilbo iparraldeko auzoei zerbitzua emateaz gain, Bermeotik, Durangotik edo Eibartik datozen pertsonei hiriburuaren erdialdera heltzen ere lagunduko die, eta Txorierriren eta metro zabaleko gainerako sarearen arteko tren lotura berria ezartzeko aukera eskainiko du, une honetan egiten ari den Artxandako Tunel berriaren bitartez. Linea berria Euskal Trenbide Sareak kudeatu eta Euskotrenek ustiatuko dute, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Sailaren esku dauden erakundeak eta sozietate publikoak, hurrenez hurren.



 

Euskadi, auzolana