ETS - Euskal Trenbide Sarea

Euskadi.eusen sartu

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
Zerbitzuak

Argitalpen-data: 2015/03/16

Iñigo Urkullu Lehendakariak, herritarrek Bilboko Metroaren 3. Linearen obretara egin dituzten bisitetan hartu du parte

Urkullu Lehendakaria eta Oregi Sailburua, bisitaren une batean

Iñigo Urkullu Lehendakariak, egun hauetan zenbait herritar talde Bilboko Metroaren 3. Linea eraikitzeko lanetara egiten ari diren bisitetan hartu du parte gaur goizean. Bisitak Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak antolatu ditu, otsailaren hasieratik ari dira egiten eta martxoaren amaieran bukatuko dira.

Lanen nondik norakoa aztertu ahal izan duen Lehendakariarekin eta 3. Lineak hartuko duen ingurunean bizi diren hamar bat pertsonarekin batera, bisitan Ibon Areso Bilboko Alkateak, José Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, eta Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politika Sailburuak hartu dute parte, Unai Rementeria eta Itziar Garamendi foru diputatuez, Antonio Aiz Sailburuordeaz eta Rafael Sarria eta Imanol Leza ETS-ko eta Euskotreneko zuzendariez gain.

Bilbo iparraldeko auzoei zerbitzua emango dien linearen ezaugarri teknikoen azalpen laburraren ondoren, taldeak bisitari ekin dio. Bisitan, lur orotako ibilgailuak erabiliz, Txurdinagako erasoko arrapalatik (aireztapen eta larrialdi galeria izango dena) Zurbaranbarriko geltokia jasoko duen haitzuloraino joan dira.

Zurbaranbarriko geltokira heltzean oinez ikusi dute geltokia, obra zuzentzeaz arduratzen diren ingeniarien azalpenei adi. Taldea Zumaia kalera irteteko kanoitik igo da. Sarbide horrek 120 metroko luzera izango du eta, ondorioz, igarobide errodagarriak izango ditu, 1. Lineako Casco Viejoko geltokian dauden Unamunoko kanoikoen antzekoak. Bisitaldiak martxoaren amaiera inguruan amaituko direla aurreikusten da, eta ordurako 300 pertsona inguru izango dira Bilboko Trenbide Metropolitarraren 3. Linea eraikitzeko lanen nondik norakoa “lekuan bertan” ikusteko aukera izan dutenak.

3. Lineako operadorea Euskotren izango da, loturak eskainiko ditu 7,5 minutuz behin Etxebarri eta Matiko artean, eta 70.000 pertsonatik gorako biztanleriari emango dio zerbitzua. Pertsona horiek trenbide metropolitarraren geltoki bat izango dute euren etxeetatik 10 minutu baino gutxiagora. Trazatua 5.885 metro izango da luze, eta zazpi geltoki izango ditu: Etxebarriko San Antonio, Otxarkoaga, Txurdinaga, Zurbaranbarri, Casco Viejo, Uribarri eta Matiko. Geltoki guztiek, Norman Fosterrek 1. eta 2. lineatarako diseinatutako geltokien tipologia bera izango dute. Bilboko Trenbide Metropolitarraren hirugarren lineak 279 milioi euroko aurrekontua du, eta erdibana ordainduko dute Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak eta Bizkaiko Foru Aldundiak.

Obren egoera

Obra zibila ia erabat amaituta dago, Txurdinaga-Otxarkoaga zatia izan ezik (100 metro falta dira kalea egiteko, hau da, alde biak elkartzeko). Horrez gain, tunela barrutik estaltzeko lanak eta Casco Viejoko geltokikoak ere falta dira. Azken lan hori duela denbora gutxi esleitu da (8,5 milioi euro), eta lanak apirilean hasiko dira.

Horrez gain, beste zenbait kontratu ere esleituta daude: instalazio elektrikoak (9,6 milioi euro), aireztapena (2,0 milioi euro), eskailera mekanikoak eta igarobideak (11,5 milioi euro) eta igogailuak (3,8 milioi euro). Komunikazioei (3,1 milioi euro) eta seinaleztapenari (5,1 milioi euro) dagozkien kontratuak lizitazio fasean daude. Hori guztia, martxan jartzea 2016. urtearen amaieran izan dadin.

Metroko linea bat baino gehiago

Ana Oregi Sailburuak adierazi duenez, “3. Linea Metroko linea bat baino gehiago da, izan ere, Bilbo iparraldeko auzoei zerbitzua emateaz gain, Bermeotik, Durangotik edo Eibartik datozen pertsonei hiriburuaren erdialdera heltzen ere lagunduko die, eta Txorierriren eta metro zabaleko gainerako sarearen arteko tren lotura berria ezartzeko aukera eskainiko du, une honetan egiten ari den Artxandako Tunel berriaren bitartez”. 

“3. Lineak nabarmen hobetuko du Txorierri, Durangalde eta Urdaibai eskualdeetan eskaintzen den zerbitzuaren funtzionaltasuna, Bilbo Metropolitarrari dagokionez. Horrela, zerbitzu publiko eskaintza modu erakargarriagoan eta eraginkorragoan integratuko da eta Matikoren hiri integrazioa sustatuko da, auzoa zati bitan banatzen zuen trenbide trintxera desagertu egingo baita. Artasamina inguruan trenbidea estali egingo denez, inguru horretan bizi diren pertsonentzako espazio publiko berria egingo da. Auzo horretako eta Zurbaranbarriko irisgarritasuna hobetu egingo da”, azaldu du Oregik. Horrez gain, Lineak ekarriko dituen hobekuntza gehiago ere aipatu ditu Sailburuak, Etxebarriko San Antonioko herritarrak metro sarera hurbilduko baititu, geltoki berriarekin lotuko dituen igogailu okertuaren eraikuntzaren bitartez.

Euskotren operadorea

Metroaren 3. Linea berria Euskal Trenbide Sareak kudeatu eta Euskotrenek ustiatuko du, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Sailaren esku dauden erakundeak eta sozietate publikoak, hurrenez hurren. Euskotrenek esleitu dizkio jada CAF euskal enpresari bere flota berriztatzeko eta azpiegitura berriaren erabiltzaileei zerbitzua emateko behar dituen 28 unitate berriak. 3 autok (bakoitzak 17 metroko luzera izango du) osatutako unitateak izango dira, baina 4 autotara handitzeko aukera ere izango dute, 400 pertsona (150 eserita) eramateko ahalmenarekin. Tren berriek hobekuntza nabarmenak izango dituzte erabilerraztasunari eta irisgarritasunari dagokienez, barrualdean ez dute oztoporik izango, sarbideko ateetan integratutako arrapalak izango dituzte, ikusmen urria duten pertsonentzako hots ohar sistema eramango dute eta gutxi entzuten dutenentzako argi seinaleak izango dituzte. 

Euskadi, auzolana