ETS - Euskal Trenbide Sarea

Euskadi.eusen sartu

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
Zerbitzuak

Argitalpen-data: 2015/03/04

Hasi dira Euskotrenen Durangoko tailerrak eraisteko lanak

Mailu pikatzaile bat daraman erretro-hondeamakina batek Euskotrenen Durangoko tailerren hormigoiaren kontra emandako kolpeekin hasi dira trenbide instalazioak eraisteko lanak. Aurretik, langileek kotxetegien eta biltegiaren profilak eta txapa metalikoak kentzeko lanak egin dituzte, estalkiak desmuntatu dituzte eta aprobetxatu daitekeen material  guztia birziklatzera bideratu dute. Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailburuak lan horiek bisitatu ditu gaur, Aitziber Irigoras Durangoko Alkatearekin eta Antonio Aiz Garraio Sailburuarekin batera, eta bere hitzetan, “trenbide azpiegitura zaharrek hartzen zituzten lurren berreskurapenak herritarrentzako espazio zabala sortuko du”.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak Murias enpresari esleitu dizkio Durangoko tailerrak eta kotxetegiak eraisteko lanak, 287.000 euroren truke eta bi hilabete inguruko epean egiteko. Izan ere, Abadiñoko udalerrian dauden Lebarioko instalazio berriak zerbitzu guztiak ematen ari dira dagoeneko.

Datozen egunetan hasiko dira Durangoko trenbideko superegitura, hau da, zutabeak, trenbideak eta trabesak, desmuntatzeko lanak. Zeregin horiek eta tailerrak eta kotxetegiak eraisteko lanak, beste pauso bat dira, ondoren, herriaren erdialdea urbanizatzeko, egin beharko diren lanei ekiteko. Bi proiektuak aldi berean egingo dira denboran, baina bereiztuta esleitu dira. Trenbideko superegituraren desmuntatzea Tecsa enpresak egingo du, eta horren truke 548.000 euro jasoko ditu, eta bost hilabete izango ditu lanak egiteko.


Lebario

Oregi Sailburuak gaur goizean adierazi duenez, “bi lan horiek Durango operazioaren barruan daude. Operazio horren barruan egindako lan nagusia tren zerbitzua lur azpian sartzea izan zen, 2012. urtearen amaieran. Une horretatik aurrera hainbat puntutan jarraitu da lanean, Abadiñon dauden Lebarioko tailerretan eta kotxetegietan, besteak beste. Horiek martxan
jartzeari esker, Durangon lur azalean zeuden trenbidearen trazatua eta azpiegitura zaharrak desmuntatzeko lanak hasi ahal izan dira”.

Izan ere, oraindik desmuntatu barik dagoen gunea Santa Apoloniatik (Iurreta) Trañara (Abadiño) luzatzen da, Durangoko udalerriaren erdialdetik igaroz. Trazatuak 4,13 kilometroko luzera du, eta zeregin horien barruan 9.100 m2ko azalera hartzen duen trenbide zabalguneko instalazioak altxatu egingo dira. Desmuntatu beharreko azalera osoa 42.000 m2koa da. Lan horietan elektrifikazio sistemako elementuak, katenariaren zutabeak, kenduko dira, eta ondoren superegituraren gainerakoarekin jarraituko da, trenbidearen errailak, trabesak, balastoa, euskarriak, material  txikia eta segurtasun eta komunikazio instalazioak bezalako bestelako elementuak, besteak beste.

Tailerrak eta kotxetegiak eraisteko guneari dagokionez, Alluitz, Sasikoa eta Geltoki kaleen artean dagoen 50.600 m2 inguruko lur-saila hartuko du. Joan den mendearen hasieran  ltxatutako instalazio horiek zaharkituta geratu dira, eta euren ahalmena txikia da, Durangon dagoen tren jarduera kontuan izanda. Jarduketa horrekin ingurunea hirigintzaren aldetik hobetzea bilatzen da, inguru guztia berreskuratuz eta, aldi berean, auzoen arteko mugikortasuna eta harremanak erraztuz.

Orain arte trenbide azpiegitura zaharrek hartzen zituzten espazioak libre uzteko  lanei esker, 60.000 metro karratu baino gehiago libre geratuko dira Durango erdialdean eta Iurretako industrigunean.

Bere egunean trenbidea lurperatu egin zen Iurreta eta Traña artean, eta 2012an geltoki berria inauguratu eta trenbide pasagune ugari desagertu ziren. Orain, herriarentzat birika berde handi bilakatuko den espazio libre handia sortuko da Durango erdialdean.

Durangon lur azpian sartutako trenbidea, eta harekin batera geltoki berria, zerbitzuak ematen hasi zirenean, zerbitzu guztien (Euskotrenek eskaintzen duen zerbitzurako tailerrak, kotxetegiak, energiaren eraldaketa, metaketa guneak eta bazterbideak) hornidura eraginkorra eta herritar guztientzako hiri espacio berriak ekarriko dituzten lanen azken fasea hasi zen, herriaren erdian zeuden instalazio zaharrak eta trenbideak desagertu zirelako eta kotxetegiak eta tailerrak Lebariora eraman zirelako.

Euskadi, auzolana