ETS - Euskal Trenbide Sarea

Euskadi.eusen sartu

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
Zerbitzuak

Argitalpen-data: 2015/09/22

Eusko Jaurlaritzak, Sustapen Ministerioak eta Bilbo, Donostia eta Gasteizko udalek urtea bukatu baino lehen adostuko dituzte euskal hiriburuetara sartzeko proiektuak

Ana Pastor Sustapeneko ministroaren, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregiren eta Bilboko, Donostiako eta Gasteizko alkate Juan Mari Aburto, Eneko Goia eta Gorka Urtaranen ustez, euskal Y trenbidea garatzea eta gauzatzea lehentasunezkoa da, eta beraz, urtea bukatu baino lehen, aipatutako administrazioek abiadura handiko linearen euskal hiriburuetarako sarbidea definitu eta adostuko dute. Gasteizko jarraipen-batzordea bilduko da lehenengo, urrian, eta horren ondoren, berehala, Bilbokoa eta Donostiakoa.

Ministerioko bileratik ateratakoan, Oregi sailburuak honako hau esan du: «Positiboak izan dira Pastor ministroak adierazi duen interesa eta erakunde guztien borondatea, hala euskal hiriburuetarako sarbideak nola sarbideetarako beharrezkoak izango diren azpiegiturak trenbide-sare berriarekin batera egin ahal izateko, eta hala, behin betikoa izatea bermatzeko adostasunera azkar iristeari begira».

Ministroak, sailburuak eta alkateek, eta haiekin batera, Antonio Aiz sailburuordeak, ETSko zuzendari José Luis Sabasek, Estatuko Garraioko idazkari Julio Gómez-Pomarrek, Gobernu Zentraleko ordezkari Carlos Urquijok eta Adifeko Euskadiko zuzendariak abiadura handiko trenbidea euskal hiriburu bakoitzera sartzearen eta hiriburu bakoitzeko dagozkion azpiegiturak egokitzearen inguruko irizpideak bateratzeko bidea ireki dute.

Administrazioetako ordezkarien iritziz, 2006an sinatu zuten Ardura-emate Itunari jarraiki eratutako erakunde arteko batzordeek lan handia egin behar dute abiadura handiaren hiru hirietarako iritsiera modu bateratuan definitzeko. Segur aski, urtea bukatu baino lehen, aipatutako batzordeak proiektu bateratuetan lan egiten arituko dira.

Irtenbideak

«Trenbide-sare berria hiru hiriburuetara sartzeko eta dagozkien geltokiak eraikitzeko, administrazio guztien partaidetza eta adostasuna behar da, trenbideak hirietan izango dituen eraginak eta ondorioak kontuan hartuta. Horregatik, administrazio guztiek gauzatzea bultzatzeko eta azkartzeko formula bilatuko dute; izan ere, Europa barneko prestazio handiko sare hau ezin da ez eraiki ez ustiatu berau mugatuko luketen behin-behineko irizpideen arabera», adierazi du Ana Oregik.

Hasierako irtenbideei dagokienez, Donostiaren kasuan, Eusko Jaurlaritzak proposatu bezala Martutenetik Atotxarako iritsiera hobetu egingo dela azpimarratu du eta Tabakalera eremua egokitu egingo dela; Basauritik Abandora lurpetik iritsiko dela abiadura handia, eta hala, liberatutako lurrei hirigintza-erabilera eman ahal izango zaiela, eta Gasteizen Datoko geltokia egokituko dela, ingurune horretan abiadura handira zuzendutako azpiegitura bat instalatuz.

Euskadi, auzolana