ETS - Euskal Trenbide Sarea

Euskadi.eusen sartu

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
Zerbitzuak

Argitalpen-data: 2015/11/19

Eusko Jaurlaritzak Donostialdeko Metroaren Lugaritz-Easo zatiaren eraikuntza proiektuaren idazketa esleitu du 600.000 euroren truke

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak Donostialdeko Metroaren Lugaritz-Mirakontxa eta Mirakontxa-Easo zatien eraikuntza proiektuen idazketa esleitu du 600.000 euroren truke. Azterlan horiek Donostia erdialdetik igaroko den trenbidearen lur-azpiko igarobidearen eraikuntzaren xehetasunak definitu beharko dituzte.

Gipuzkoako hiriburuari metro sistema emango dion, unibertsitate ingurunera zerbitzua eramango duen eta gaur egun Amarako geltokiak eratzen duen zaku-hondoa desagerraraziko duen proposamenak definituko duen soluzioak, Lugaritzeko geltokian abiatuko den eta lur azpian egongo den Morlanseko zatian amaituko den lur azpiko saihesbide zati berria izango du. Trazatu berria hiriaren beheko guneetatik hurbil joango da (Antigua, Erdialdea eta Amara) eta hiru geltoki berri planteatzen ditu: Bentaberri-Antigua, Erdialdea-Kontxa eta Easo (egungoa ordezkatuko du).

4,2 kilometro inguru izango dituen trazatua bi zatitan banatu da lizitaziorako. Lugaritz-Mirakontxa zatia Prointec-ek eta Asmatuk osatzen duten Aldi Baterako Enpresa Elkarteari (ABEE) esleitu zaio, 311.400 euroren truke, sei hilabeteko burutzapen epearekin. Zati hori 2.200 metro inguru da luze, egungo Lugaritzeko geltokitik 100 metro ingurura hasiko da, eta bertatik Antiguarantz jaitsiko da, Bentaberriko etxebizitza zabalgunetik hurbil jarraitzeko; bertan egongo da lehenbiziko geltokia.

Mirakontxa-Easo zatiari dagokionez, Fulcrum, CAF Transport Engineering eta Ingeplan Consulting ABEE-ari esleitu zaio 287.995 euroren truke, eta burutzapenerako epea sei hilabetekoa izango da. Bi lizitazio prozesuetara hamabost eskaintza aurkeztu dira. Bigarren zati horrek Bentaberriko geraleku berrian hasiko diren 2.000 metro ditu, eta kostaldeko lerroarekin ia paraleloan joango da, hiriaren erdialdera heldu arte; proiektaturiko bigarren geltokia, Erdialdea-Kontxa, bertan egongo da. Lineak hegoalderantz jarraituko du, egungo Amarako geltokia gainditu ondoren, Easoko geltoki berrira heltzeko. Eta, azkenik, Morlanseko lur azpiko zatiaren hasieran egungo trenbidearekin bat egin arte jarraituko du.

Igarobidearen eraikuntzak, Amarako trenbide lubakia kentzeaz eta lur-zati handia herritarrek erabili eta goza dezaten libre uzteaz gain, garraio publiko erabilerraza, modernoa, segurua, ekologikoa eta eraginkorra ekarriko du Donostia erdialdera.

Euskadi, auzolana