ETS - Euskal Trenbide Sarea

Euskadi.eusen sartu

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
Zerbitzuak

Argitalpen-data: 2015/07/15

Eusko Jaurlaritzak Donostialdeko Metroaren Lugaritz-Easo zatiaren eraikuntza proiektua lizitatu du

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak on ikusia eman die Donostialdeko Metroaren Lugaritz-Mirakontxa eta Mirakontxa-Easo zatien eraikuntza proiektuen lizitaziorako baldintzen pleguei. Horrela, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak, bi zatitan banaturik egongo den Donostia erdialdeko lur azpiko trenbide igarobidearen eraikuntza definitu beharko duen azterlanaren baldintzak argitaratuko ditu bihar (uztailaren 16an).

Gipuzkoako hiriburuaren erdialdera metro sistema ekarriko duen, unibertsitate guneari zerbitzua eskainiko dion eta gaur egun Amarako geltokiak eratzen duen zaku-hondoa desagerraraziko duen proposamenak definituriko soluzioak, Lugaritzeko geltokian abiatuko den eta lur azpian egongo den Morlanseko zatian amaituko den lur azpiko saihesbide zati berria izango du. Trazatu berria hiriaren beheko guneetatik hurbil joango da (Antigua, Erdialdea eta Amara) eta hiru geltoki berri planteatzen ditu: Bentaberri-Antigua, Erdialdea-Kontxa eta Easo (egungoa ordezkatuko du).

4,2 kilometro inguru izango dituen trazatua bi zatitan banatuko da lizitaziorako. Lehen zatirako eskaintzak sei hilabeteko epea izangto dute lana egiteko eta aurrekontua 450.000 eurokoa izango da. 2.200 metro luze den zati hori, egungo Lugaritzeko geltokitik 100 metro ingurura hasiko da, eta bertatik Antiguarantz jaitsiko da, Bentaberriko etxebizitza zabalgunetik hurbil jarraitzeko; bertan egongo da lehenbiziko geltokia.

2.000 metro inguru luze den bigarren zatiaren lizitaziora aurkeztuko diren enpresek 400.000 euroko aurrekontua eta sei hilabeteko burutzapen epea izango dituzte. Kasu horretan, trazatua lehen zatia amaitzen den tokian abiatuko da, kostaldeko lerroarekin ia paraleloan, hiriaren erdialdera heldu arte; proiektaturiko bigarren geltokia, Erdialdea-Kontxa, bertan egongo da. Lineak hegoalderantz jarraituko du, egungo Amarako geltokia gainditu ondoren, Easoko geltoki berrira heltzeko. Eta, azkenik, Morlanseko lur azpiko zatiaren hasieran egungo trenbidearekin bat egin arte jarraituko du.

Igarobidearen eraikuntzak, Amarako trenbide lubakia kentzeaz eta lur-zati handia herritarrek erabili eta goza dezaten libre uzteaz gain, garraio publiko erabilerraza, modernoa, segurua, ekologikoa eta eraginkorra ekarriko du Donostia erdialdera.

 

Euskadi, auzolana