ETS - Euskal Trenbide Sarea

Euskadi.eusen sartu

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
Zerbitzuak

Argitalpen-data: 2015/01/27

ETS-k Sacyr, Cavosa eta Altuna y Uriari esleitu dizkie Zazpi Kaleetako geltokiaren lanak, 8,5 milioi euroren truke

Euskal Trenbide Sareak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren esku dagoen erakunde publikoak, Sacyr, Cavosa eta Altuna y Uria enpresek osatutako Aldi Baterako Enpresen Elkarteari (ABEE-UTE) esleitu dizkio Metroaren 3. lineako Zazpi Kaleetako geltokia eraikitzeko lanak, 8.527.218 euroren truke, BEZ aparte. 14 eskaintza aurkeztu ziren, eta 17
hilabete beharko dira lanak amaitzeko.

Zazpi Kaleetako geltoki berria Bilboko Trenbide Metropolitarraren 3. linearen erdialde neuralgikoa izango da, geltoki intermodal gisa funtzionatuko baitu, lotura ezarriz metroaren 1. eta 2. lineekin, eta baita tranbiarekin eta Euskotrenen Txorierriko linearekin ere.

Euskotrenek ustiatuko duen 3. lineak tren loturak izango ditu 7,5 minutuz behin Etxebarri eta Matiko artean, eta 70.000 pertsonatik gorako biztanleriari eskainiko dio zerbitzua. Horrela, pertsona horiek trenbide metropolitarreko geltoki bat izango dute euren etxeetatik 10 minutu baino gutxiagora.

Trazatua 5.885 metro izango da luze, eta zazpi geltoki izango ditu: Etxebarriko San Antonio, Otxarkoaga, Txurdinaga, Zurbaranbarri, Zazpi Kaleak, Uribarri eta Matiko. Geltoki guztiek, Norman Fosterrek 1. eta 2. lineatarako diseinatutako geltokien tipologia bera izango dute. 3. lineak Bilbo iparraldeko auzoei eskainiko die zerbitzua batez ere, baina Bermeotik, Durangotik edo Eibartik datozen pertsonei hiriburuaren erdira errazago iristeko aukera ere eskainiko die; eta, horrez gain, Txorierrik tren lotura berria izango du metro bateko
zabalerako gainerako linearekin, egiten ari den Artxandako tunel berriaren bitartez.

Bilboko Trenbide Metropolitarraren hirugarren lineak 279 milioi euroko aurrekontua du, eta erdibana ordainduko dute Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak eta Bizkaiko Foru Aldundiak.

Datu teknikoak


Zazpi Kaleetako geltoki berria eraikitzeko gaur egungoa bota beharko da, geltoki berriak egungoaren eskema funtzional berbera izango duen arren. Horrela, gaur egun dauden eta geltokia banatzen duten hiru mailak kontserbatu egingo dira.

Geltokiak hiru maila nagusi ditu bere diseinuan:

Behealdeko maila edo atarikoa: sarbideko ataria da, eta bertan daude makina baliogabetzaileak. Horrez gain, maila horretan daude geltokiaren ustiapen lanetarako beharrezkoak diren gela teknikoak ere. Nasen mailarekin dagoen komunikazioa, 3,60 metroko zabalera duten eta nasaren bi aldeetan dauden eskailera finkoen bitartez egingo da. Horrez gain, eskailera mekanikoak instalatu dira, nasetara igotzeko. Mugikortasun urria duten pertsonek, erabiltzaileak ataritik bi nasetara eramaten dituzten igogailu hidraulikoak izango dituzte. Maila horretan, gela teknikoak egoteaz gain, txartelak saltzeko eta trenbidera sartzen diren pertsonen trafikoaren kontrolerako sistemak ere egongo dira. Atariak, geltokian elkartzen diren bidaiarien joan-etorriak banatzeko lana betetzen du. Diseinuak, beraz, bidaiarien arteko interferentziak ekiditeko dimentsio egokienak bilatzen ditu.

Goialdeko maila edo nasetakoa: EuskoTrenen geltoki zaharraren egituraketa funtzionalari eutsiz, aurreikusitako banaketa, nasak alboetan dituena da. Espazio horretan jarri beharreko
argiztapenak eta altzariek (eserlekuak, paperontziak, informazio panelak, seinaleztapena, megafonia sistema, etab.), Bilboko Trenbide Metropolitarreko 1. eta 2. lineatako geltokietan dagoen diseinu ildo berari jarraitu behar diete..

1. lineara sartzeko maila: Maila horrek bat egiten du 1. lineako Zazpi Kaleetako geltokira sartzeko kanoiarekin. Bertan, 1. lineako geltokia babesten duen uholdeen kontrako konporta eta ponpaketa putzua egongo dira. Akzionamendu hidraulikoa duen konporta horrek 1. lineako geltokia babesten du uholdeak gertatuz gero. Atariko mailarekin egon beharreko komunikazioa bermatuta geratzen da eskailera finkoen eta mekanikoen bitartez. Mugikortasun urria duten pertsonak ataritik maila honetara eramango dituen igogailu hidrauliko bat ere badago.

3. eta 1. lineen arteko trukaketan zein 1. linearen eta San Nikolas aldeko kale mailaren artean ibilbide erabilerraza bermatzeko, mugikortasun urriko pertsonentzako egokiak diren beste bi igogailu instalatuko dira, 1. lineako nasen maila mezzaninaren mailarekin lotzeko, une honetan ez baitago horrelako elementurik.



                                    

Euskadi, auzolana