ETS - Euskal Trenbide Sarea

Euskadi.eusen sartu

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
Zerbitzuak

Argitalpen-data: 2015/09/04

Eragozpenak gutxitzeko ETS hidrofresa bat erabiltzen ari da Urdulizen metroa lurperatzeko obretan

Euskal Trenbide Sarea (ETS), Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren menpekoa den erakunde publikoa, atzo hasita hidrofresa bat ari da erabiltzen Urdulizen metroa lurperatzeko obretan etxebizitzetatik hurbilen dauden hormak eraikitzeko; xedea  biztanleei eragozpenak arintzea da. Lan hauei esker datorren urtearen amaierarako behin betiko ezabatuta egongo da hiri ingurukoaren azken trenbide-pasagunea.

Obraren betearazleak ETS  eta Bizkaiko Garraio Partzuergoa (BGP) dira eta Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren finantzazioa du, bi erakunde hauek, BGPren bidez, erdi bana ordaindu dutelako lurperatzeak duen 21 milioi euroko kostua.  Hain zuzen ere gaur goizean lanen garapena in situ ezagutzeko obrak berrikusten egon dira, besteak beste, exekutibo autonomoko Garraio sailburua,  Antonio Aiz;  Garraio Saileko foru diputatua, Vicente Reyes; ETSko zuzendari nagusia, José Luis Sabas; eta BGPko zuzendari gerentea, Manu Tejada.

Jarduketak 700 m-ko luzeran ari dira burutzen; tarte horretatik 543 m estalita geratuko dira. Trazadura berriak funtsean aurreko ibilbidea aprobetxatuko du eta gehienez % 2,7ko malda izango du. Lurperatuko den tartearen erdian  Urdulizko geltoki berria kokatuko da, gutxi gorabehera gaur egungoa dagoen tokian bertan. Instalazio berrietan erdiko nasa bat egongo da, 90 metroko luzerakoa, eta baita beharrezkoak diren  gela teknikoak ere. Geltokiko atondora sartzeko  ‘Sarriko’ motako fosterito bat erabiliko da,  zerupean terminal zaharraren hego-mendebaldean kokatuta egongo dena. Halaber, 13 pertsona sartzeko edukiera izango duen igogailu handia edukiko du.

Une hauetan lurra industeko eta lurzoruei eusteko beharrezko lanak  ari dira egiten  etorkizuneko azpiegiturari eutsiko dion kutxa eratzeko. Industu behar diren lurren ezaugarrien ondorioz eta kontuan hartuta trenbidearen trazaduraren ondoan etxebizitzak daudela izugarri zaindu dira lurrei eusteko erabiliko diren sistemak. Erabiliko den makineriaren barruan azpimarratu behar da atzo hasita etxebizitzetatik hurbilen dauden hormak eraikitzeko hidrofresa bat ari dela lanean; erabilera horren helburua biztanleei eragozpenak  ahalik eta gehien arintzea eta egituren egonkortasuna bermatzea da.

Obraren lehen zatian trenbidea eta katenaria desmuntatu dira eta  besteak beste sare elektrikoa, telefonia eta ura bezalako zerbitzuak desbideratu dira; hori guztia lortzeko ahalegin handia egin behar izan da  asko zirelako zerbitzu ukituak.

Bisita egin ondoren ETSko zuzendari nagusiak, José Luis Sabasek, azpimarratu du “gure obsesioa, ez bada gorabeherarik sortzen, epearen barruan amaitzea da, ahalik eta eragozpen gutxien eragiteko. Horrexegatik, besteak beste, erabiltzen dugu hidrofresa erraldoi honen moduko makineria hain espezializatua, hormak etxebizitzetatik hurbilago eraikitzeko; horrela biztanleei eragindako eragozpenak  gutxitzen dira eta egituren egonkortasuna bermatzen da”.

Beste alde batetik, Garraio Saileko foru diputatuak, Vicente Reyesek, adierazi duenez, “Urdulizko metro geltokia lurperatuta, Metroaren sarean irauten duen azken trenbide-pasagunea kenduko da”. “Horrenbestez hirigintzako hesi garrantzitsu bat ezabatuko da, udalerria bitan zatitzen duena. Gainera, 6.000 metro karratu lur libre geratuko dira, eta eremu hori batez ere bizilagunen erabilera eta gozamenerako izango da”.

“Era horretara” -azpimarratu du- “nabarmen hobetuko da hiri eremua eta pertsonen nahiz ibilgailuen segurtasuna areagotuko da”.

“Bizkaian garraio publikoaren aldeko apustua lurralde-kohesiorako elementu garrantzitsua da”, esan du Vicente Reyesek. “Pozik gaude egiaztatu ahal izan dugulako obra aurrera doala eta, okerrik ezean, ezarritako epearen barruan amaituko dela, 2016ko amaiera alderako”.

Garraio sailburuordeak, Antonio Aiz-ek, goraipatu du metro sarea abian dagoenetik garrantzitsu bilakatu dela ikuspegi ekonomikotik, sozialetik eta ingurumenaren ikuspegitik. “Metroak egunero 133.000 auto kentzen ditu errepideetatik”, adierazi du.

 

Euskadi, auzolana