ETS - Euskal Trenbide Sarea

Euskadi.eusen sartu

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
Zerbitzuak

Argitalpen-data: 2014/08/28

Asteasuko tunelaren tarteko kaleak edo bat egiteak, Euskal Y-aren Gipuzkoako zati honetako ingurumen eragina murriztu egingo du

. Haitzulo horren erasoko bi aldeetako bat, ohikoa denez tunelaren bi muturretan egon beharrean, larrialdietako galeriatik zulatu da, soberakinen depositutik gertu dagoelako. Horri, eta definizioari eta jatorrizko proiektuan aurreikusirik ez zeuden sarbide berrien erabilerari esker, nabarmen murriztu ahal izan da errepideko garraioak ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren aldetik izandako eragina, inguruko trafikoarekin egon zitezkeen interferentzia posibleak eta bertako biztanleei eragindako eragozpenak eta errepideetan eragindako kalteak murriztuz.

Kalea edo erasoko bi fronteen bat egitea oso une garrantzitsua da horrelako lanetan, eta, tunelak dituen 2.575 metroetatik 2.000 baino gehiago hondeaturik daudenean egin da. Hau da, 500 metro inguru baino ez dira falta hondeaketa lanak amaitzeko. Asteasuko tunela Hernialde-Zizurkil zatiko luzeena da. Zatia 5.870 metro da luze.

Zati horren erliebea oso gorabeheratsua da, mendiak eta bailarak zeharka gurutzatzen baititu. Trazatua Hernialde errekastoaren hegoaldeko hegalean hasten da, 25 metro luze den bide-zubi baten bitartez salbatuz. Horren ondoren 1.372 metro dituen Anoetako tunela dator. Ondoren, Alkizako errekastoa, Asteasuko tunelarekin bat egingo duen 69 metroko beste zubi-baten bidez gaindituko da. Horren ondoren, trazatuak aire zabalean jarraituko du, San Jose meategia izandakoaren ibarraren gainean, 60 metroko zatian, 268 metroko tunel faltsuan sartu aurretik. Ondoren datorren 404 metroko bide-zubiak Asteasuko errekastoa eta Villabona eta Asteasu arteko GI-2631 errepidea gaindituko ditu. Amaitzeko, errekastoaren ezkerraldean Urkamendi mendia dago. Mendi hori, 845 metro luze den Zizurkilgo tunelaren bitartez zeharkatuko da.

Asteasuko tunelaren hondeaketa lanak erasoko bi frontetatik egin dira: hegoaldeko ahoa –Alkizako errekastoaren inguruan– iparralderantz, eta Goiko soberakinen depositura ematen duen larrialdietako galeriakoa. Tarteko eraso gunea soberakinen deposituarekin zuzenean loturik egoteak asko murriztu du bide publikoen erabilera. Horrela, asko gutxitu da inguruetako bideetatik eta errepideetatik egongo litzatekeen kamioien trafiko garrantzitsua, eta tunelaren burutzapen lanen errendimendua hobetu egin da.

Une honetan, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak kudeatutako Euskal Y-aren Gipuzkoako adarrak dituen 17 zatietako bost amaiturik daude, eta beste sei aurten bertan amaituko dira. Beste seiak eraikitzen ari dira, eta horien obra zibila 2015. eta 2016. urteetan amaituko da. Horrela, amaiturik daude jada Ezkio-Beasain, Beasain Mendebaldea, Beasain Ekialdea, Ordizia-Itsasondo eta Legorreta zatiak. Aurten amaiturik geratuko dira, baita ere, Bergara-Bergara, Bergara-Antzuola, Ezkio-Itsaso, Tolosa, Andoain-Urnieta eta Tolosa-Hernialde zatietako plataformak.

Euskadi, auzolana